Santa Ageda jaietan, egun bete-betea izan zuten atzo, igandea, Matxinbentan. Hain zuzen ere, Beasaingo txistularien doinuekin ekin zioten egunari auzoan, 10:30ean, eta ondoren, meza izan zen. Horren ostean, hamaiketakoa egin zuten, eta tripak bete ostean, kirol hitzorduen txanda izan zen: lehenik, pilota partidak jokatu zituzten Azpeitiko Ilunpe elkartekoek eta Beasaingo pilotariek frontoian.
Ondoren, herri kirol saioa izan zen plazan. Hain zuzen ere, aizkoran, Mikel Larrañagak Osinalderen eta Pikabearen aurka jokatuko zuen, eta harri jasotzen, berriz, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza aritu ziren. Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuko zuten erakustaldia, eta giro ederra sortu zen auzoan.
Arratsaldean, bestalde, aurtengo egitarauan berrikuntza izan den hitzordua izan zen: ardi ile mozte erakustaldia. Ondoren, festetako otarrea zozkatu zuten, eta amaitutzat eman zituzten asteburuko ekintzak. Hain justu, 3.321 zenbakia suertatu zen zozketako irabazlea, eta 8.537 zenbakia ordezkoa.
Ostegunean, Santa Ageda egunean, bukatuko dituzte festak Matxinbenta auzoan. Hain zuzen ere, meza izango da 11:00etan, eta ondoren, hamaiketakoa.
(Argazkiak: Ihintza Elustondo eta utzitakoak)