Etxean baleko berdinketa, kanpoan garaipena

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 2a

Lagun Onak-Touring partidaren irudi bat. (Lagun Onak)

Hirugarren Mailan, Lagun Onakek eta Touringen puntu bana batu zuten Garmendipen, golik gabeko neurketan. Ohorezko Erregional Mailan, berriz, Aretxabaletan 0-1 irabazi zion Azpeitiko taldeak Debagoienari.

Lagun Onaken talde nagusiek sendo eta porrotik gabe jarraitzen dute urte hasiera honetan. Joan den asteburuan, etxean golik gabeko berdinketa sinatu dute gizonek Touringen kontra, baina balekoa; aurkari zuzen baten kontrako puntuarekin, Espainiako Hirugarren Mailako bere multzoko bigarren postuan jarraitzen du Jose Luis Riberak gidatzen duen taldeak. Ohorezko Erregional Mailan, berriz, sailkapenean eskalatzen jarraitzen du Lagun Onakek: bosgarren tokiraino igo da Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak zuzendutako taldea, Debagoiena Bailara taldearen zelaian 0-1 irabazi ostean.

Igoerako play-offera sailkatzeko borrokan buru-belarri sartuta dabiltzan bi taldek neurtu zituzten indarrak zapatuan Garmendipen, eta sailkapenak iradokitako berdintasun lokaztutako zelaiaren gainean plazaratu zuten Lagun Onakek eta Touringek. Jokoaren nagusitasuna ere partekatu zuten bi taldeek. Etxekoak nagusi izan ziren lehen zatian, bizpahiru gol aukera on ere izan zituen Lagun Onakek, baina atezaina izan zen Touringen jokalari onena. Bigarren zatian, ordea, indarra galtzen joan zen Riberaren taldea. Lehen minutuetan jokoaren jabe argirik ez zuen izan neurketak, baina Errenteriakoak (Gipuzkoa) nagusitzen joan ziren pixkanaka; min handirik egin gabe, baina hobeto moldatu ziren gero eta astunagoa bilakatu zen zelaira. Horrenbestez, eta partidaren bilakaera ikusita, golik gabeko berdinketarekin konforme antzera bukatu zuten bi taldeek.

Puntu tarte txikian talde mordoa dago uneotan sailkapenean, eta igoerarako kanporaketak jokatzeko borroka estu horretan murgilduta dagoen beste talde baten zelaian jokatuko du Lagun Onakek datorren jardunaldian, Derioren etxean (zapatuan, 18:30).

Gora eta gora

Aretxabaletan, gorako bidean beste koska bat gainditu zuten Lagun Onakeko emakumeek Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan. Gipuzkoako 30 kirol federaziok, tartean futbolekoak, kirol instalazioetan errespetuaren alde egiteko eta haietan kiroltasunik gabeko jokabideak desagerrarazteko kanpainarekin bat egin zuten bi taldeek; horrela, partida hasierako lehen minutua tokian zutik osatu zuten jokalari guztiek, jokatu gabe, protesta gisa.

Gol bakarra eginda irabazi zioten Azpeitikoek Debagoiena Bailarari (0-1), baina markagailuaren murritza ez zen bat etorri zelai gainean ikusitakoarekin. Izan ere, partida oso ona jokatu zuen Lagun Onakek eta goitik behera gailendu zitzaion aurkariari, hasieratik bukaeraraino. Jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza Zubizarretaren eta Segurolaren taldearenak izan ziren ia osorik, eta gol aukerak ere ugari sortu zituen Lagun Onakek, baloia sareetara botatzen behin bakarrik asmatu arren, eta etxekoen laguntzarekin: 25. minutuan, Debagoieneko jokalari batek desbideratu zuen baloia ate barrura, Lorea Ruedaren falta jaurtiketan. Aukera asko sortu bai, baina beste golik egin ez zuten egin bisitariek; eta etxekoek minik egin ez arren, azken unera arte ez zen baretu tentsioa joko zelaian.

31 punturekin eta gainditu berri duen Oiartzunekin berdinduta, bosgarren postura igo da Lagun Onak. Datorre asteburuan etxetik urrun ariko da berriro Azpeitiko taldea, sailkapenean atzetik puntu bakarrera duen Tolosaren zelaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide