Eusko Jaurlaritzak bihar argitaratuko du sokamuturra eta bestelako zezen ikuskizunak egitea ahalbidetuko duen agindua. Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean kaleratuko du erakundeak dekretu hori, eta beraz, Azpeitiko karnabaletan argi berdea izango du sokamuturrak. Dena den, ekitaldiaren antolatzaileak –udalak ala eragileak– Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu beharko dio ekitaldia egiteko baimena, eta hain zuzen, foru erakundeak izango du baldintzak jartzeko nahiz behin betiko baimena emateko ardura.
Ganaduari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorraren zabalpena saihesteko asmoz ezarri zuen animalien bueltako ekitaldiak egiteko debekua Eusko Jaurlaritzak joan zen abenduan, otsailaren 26ra arteko epearekin. Debeku horren gaineko salbuespenak baimendu ditzakeela eta, Zezen Beltzek sansebastianetan eta karnabaletan Azpeitian sokamuturra egin ahal izateko baimena eskatu zion Gipuzkoako aldundiari. Dena den, erakundeak ez zion erantzun eta sansebastianetan ez zen sokamuturrik izan.