Eduki babestua

Norbanakoa, hezkuntza eta balioak, erdigunean

Erredakzioa 2026ko otsailaren 2a

Azpeitiko Ikasberri Ikastolak 2026-2027 ikasturterako matrikulazio epea zabaldu du gaur, astelehena, eta ate irekiak antolatu ditu bere hezkuntza programa ezagutarazteko.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak gaur, astelehena, zabaldu du Haur Hezkuntza 2tik DBH 4ra arteko ikasle berrientzako matrikulazio epea, eta hilaren 13an amaituko da. Horregatik, Azpeitiko Ikastolak ate irekien jardunaldiak antolatu ditu hezkuntza programa eta egunerokotasuna ezagutarazteko.

"Gure proiektua egunerokotasunean nola bizi dugun, Ikastolan familien parte hartzea nolakoa den eta gure metodologiaren beste hainbat ezaugarri ezagutu nahi dituzten herritarrak, hurbildu daitezela gurera lagunekin eta familiarekin batera", adierazi dute arduradunek. Ate irekien jardunaldietan izena eman nahi dutenek aurrez hitzordua hartu beharko dute 943-15 12 46 telefono zenbakira deituta, ikasberri@azpeitikoikastola.eus posta elektronikora idatzita edo esteka honetan datuak sartuz.

Programa zehatza

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hezkuntza proiektu integrala eta osatua du; 0 eta 18 urte arteko ikasleen heziketaz arduratzen da –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa–. Prozesu horretan, abiapuntua eta helmuga pertsona eta ikasle bakoitza da. Izan ere, ikasle bakoitzean oinarritzen dute hezkuntza, balioak erdigunean jarriz.

"Loreekin egiten dugun bezala, haurrak ere zaindu egin behar dira, ureztatu, kimuak eman ditzaten. Haur bakoitzak bere beharrak ditu, eta Ikastolan behar horietara moldatzen gara, bakoitzari behar dituen baliabideak eskainiz, azken helburua haurraren garapena baita. Hezkuntza malgua eta zentzuduna sustatzen dugu, ikasleak pertsona aktiboak izan daitezen, pentsatzeko eta erabakiak hartzeko ahalmena dutenak".

Hezkuntza eskaintza horretan, Ikastolaren eraikinak eta kokapenak berebiziko garrantzia dute. Izan ere, ikasle guztiek ziklo guztiak eraikin berean egiten dituzte; Haur Hezkuntzan hasi eta Batxilergoko azken urteraino. "Denok elkar ezagutzen gara, oso gertukoak gara, eta horrek ikasleen etengabeko eta zuzeneko jarraipena egiteko aukera eskaintzen digu. Gainera, erosotasuna eta ongizatea ematen ditu gure ingurune paregabeak", gehitu dute arduradunek.

Ikastolaren oinarriak eta balioak ere garrantzitsuak dira ikasleen hezkuntzan: "Ikastola kooperatiba izanda, komunitate bat gara, eta denon parte hartzea, konpromisoa eta ardura bat eginda doaz. Gure hizkuntza den euskara ardatz hartuta, elkarlanean eta harreman pertsonaletan oinarritzen da gure egunerokotasuna".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide