Eguerdiko hamabiak jotzear dira. Eguraldi tristea dago kalean, euri lanbroa zena euri zaparrada bihurtu baita dagoeneko, baina giro beroa nabari da Itsasi kultur taldeak Urola kalean daukan lokalean. Han ari dira prestaketa lanetan Itsasiren ttuntturroen taldeko kideak. Alkandora zuriak, abarkak, ardi-ileak, durundak, kolorez betetako zapiak, sokak, txapelak... Guztiak bere lekuan ipini ostean, kalera ateratzeko unea da. San Tomas eguna dela dio egutegiak. Itsasiren joaldunen taldearekin azken irteeretakoa dute Berasategi anaiek, Jose Luisek eta Jose Ramonek, lagunentzat patxotarrek. Izan ere, Astelehen Karnabalean, otsailaren 16an, aterako dira azkenekoz joaldunen konpartsarekin. Ia-ia taldearen hastapenetatik izan dira konpartsako kide, eta "pena ikaragarriarekin" baina konbentzimendu osoz erantziko dituzte durundak betirako.
1979. urtean sortu zuten Azpeitiko joaldunen taldea Pello Aldalurrek eta Mikel Larrañaga Enbortxo-k, eta Itsasi euskal kultur taldeari estuki lotuta egon da betitik. Ordutik, adin guztietako herritar ugarik parte hartu dute taldean, eta Berasategi anaiek ondo baino hobeto ezagutu dute haren ibilbidea. Haiek gazteak zirela egin zituzten lehen irteerak zanpantzar gisa, artean ezkondu gabe zeudela.
Ondo gogoan ditu hastapenak anaia zaharrenak, gaur egun taldeko beteranoa denak. Aurrenekoz zein urtetan atera zen ez daki ziurtasunez –1983aren bueltan izango zela dio–, baina primeran oroitzen du nora egin zuen Itsasiko taldearekin lehen irteera: "Erandion [Bizkaia] atera nintzen aurrenekoz ttuntturro gisa. Erandio bakarra zegoela pentsatzen nuen nik, eta orduan jakin nuen Erandio goikoa eta behekoa bananduta zeudela", kontatu du barrez. Taldearen sortzaile Mikel Larrañagak gonbidatu zuen Berasategi taldera, ordurako bandako musikaria baitzen. "Klarinetea jotzen nuen bandan, eta Itsasiko dantza taldearen emanaldietan parte hartzen genuen musikari gisa. Hortik iritsi zitzaidan joaldunen taldera batzeko proposamena, eta ezin ezetz esan. Izan ere, badaukat gaitz galant bat: ez dakit ezetz esaten. Denborarekin ikasi dut horretan, baina orduko hartan ez zitzaidan proposamenari ezezkoa ematea bururatu ere egin", aitortu du anaia zaharrenak. Gaztea, Jose Ramon, handik bizpahiru urtera batu zen taldera. Hura Itsasiko dantzaria zen sasoi hartan. "Lotura naturala zegoen musikarien, dantzarien eta ttuntturroen artean", gogoratu dute. Jose Luisek nostalgiaz gogoratzen ditu lehen urteak: "Gazteak ginen, eta orduan, Arretxe [Iñaki Letamendia] eta biok asko ibiltzen ginen elkarrekin, hura ere animatu baitzen ttuntturroen taldera. Orain emaztea dudana neskalaguna nuen orduan, eta Arretxek ere bazuen bikotekidea. Beraz, laurok joaten ginen gainerako taldekideekin hara eta hona, behar zen lekura, gustura asko".
Taldearen indarra
Joalduna euskal mitologiako pertsonaia bat da, espiritu txarrak uxatzeko eginkizuna duena. Azpeitiko ttuntturroen taldetik, behintzat, uxatu dituzte espiritu txarrak, taldea zerbaitek ezaugarritzen badu kideen artean dagoen "giro paregabea" delako hori. Bi anaiak bat datoz horretan. Izan ere, horrenbeste urtez zanpantzarren taldean egotera zerk bultzatu dituen galdetuta, ez dute zalantzarik egin erantzuterakoan: "Taldeak". Nabarmendu dutenez, askotariko pertsonek osatzen dute hamarrekoa, eta horrek aberasten du multzoa. "Kuadrilla desberdinetako jendeak parte hartu izan dugu beti ttuntturroen taldean, eta horrek egiten du berezi. Elkarrengandik asko ikasten dugu, baita pazientziaz jokatzen ere", diote.
Oro har, hamar lagunek osatzen dute ttuntturroen konpartsa: zortzik dunbak soinean dituztela egiten dute ibilbidea, eta beste biek adarra jotzen dute, erritmoa jarriz. Gaur egun, Jose Ramon aritzen da adardun, laguntzaile txikia aurrean duela. Hainbat urtez joareekin ibili zen arren, ezusteko bat tarteko pisudun durundak albo batera utzi, eta adarraren ardura hartu zuen. Jose Luis, aldiz, betitik aritu da dunbak astintzen, adinak adin. "Ateratako izerdiak ez dauka preziorik", diote biek, barrez.
"Errugbian bada hirugarren denbora deitzen zaion une bat. Hori da niri gehien gustatzen zaidana: lanak osatu bitartean egiten den geldialditxo hori, elkarrekin berriketan arituz mokadutxo bat egiten den unea. Ondoren egiten diren bazkari-afariak ere ikaragarri gustatzen zaizkit. Horrelako uneek ere asko laguntzen dute talde izaera indartzen eta kohesioa areagotzen", esan du anaia zaharrak. Guztiz bat dator haren ondorengoa ere.
Astelehen Karnabala, beti berezi
Azpeitiko ttuntturroak urtean hirutan ateratzen dira herriko kaleetara: San Tomas egunez, Olentzeroren nahiz Mari Domingiren etorrerarekin eta Astelehen Karnabal gauean. Azken hitzordu hori da biek gehien maite dutena, eta data hori probestuko dute haien azken dantza egiteko. "Astelehen Karnabala beti da berezia. Gauez ateratze hutsak berezi egiten du, baina horri gehitu behar zaio karnabaletan azpeitiarrok beti daukagula beste saltsa bat, beste aldarte bat", adierazi du anaia zaharrenak. "Askok diotenaren kontra, ni azpeitiar-azpeitiarra naiz, Elizkalekoa, nahiz eta orain Azkoitian bizi. Askotan egiten dizkidate txantxak horrekin: azkoitiarrentzat Azpeitikoa naiz eta azpeitiarrentzat Azkoitikoa. Ni, ordea, oso azpeitiarra sentitzen naiz, eta horrexegatik atsegin dut horrenbeste Astelehen Karnabala". Anaia gaztea ere bat dator: "Oso berezia izaten da karnabaletako irteera. Gauez ateratzen gara, jendea dagoeneko parranda giroan murgilduta dagoela, eta sortzen den giroa bereziki ederra izaten da". Hala ere, Astelehen Karnabalean Erdikaletik pasatzea ez da erraza izaten ttuntturroen taldearentzat, eta askotariko anekdotak bizi izan dituzte urte luzez. Bi anaiek gogoratu dute ez dagoela urterik kanpoko jendeak haiek ttuntturroz mozorrotuta daudela pentsatzen ez duenik: "Zenbat alditan etorri zaizkigun mozkor kuadrillak denetarik esatera, joaldun mozorrotuta geundela pentsatuta. Dunbak jotzen ere hasi izan dira noiz edo noiz". Eta horrelakoek ez diete graziarik egiten, jantziek pisu handia baitaukate. "Guk barre asko egin izan dugu, baina errespetuz jokatzeko eskatzen dugu. Hori da eska daitekeen gutxienekoa".
Azpeitiko hiru hitzordu seinalatuez gain, izan dituzte bestelako datak agendetan. Izan ere, Azpeitian ez ezik, Euskal Herrian, Espainian eta Europan ere izan dira Itsasikoekin, hala nola Herbehereetan edo Ingalaterran. Dena den, Europako herrialde horietara egindako bidaietan dantzarien emanaldietan parte hartu izan dute. "Kanpora joan izan gara, bai, baina ez zanpantzar talde gisa; hau da, erakustaldi modukoak eskaini izan ditugu Itsasikoen dantza emanaldietan, ikuskizuna irekita edo horietan ekarpen edo agerraldi txiki bat eginda. Joaldunen arropak eta materiala ere erakutsi izan ditugu hainbat txokotan", kontatu dute. Halaber, nabarmendu dute, atzerrira joandakoan jendea "aho zabalik" gelditzen dela joaldunak ikustean. "Dunbak edo txintxarriak ikustea ez da arraroa, zenbait kiroletan edo lasterketatan erabiltzen baitituzte, baina horiek soinean jantzita ikustea, ardi-ilez lagunduta eta horrelako piurarekin, ez da batere ohikoa".
Asko dira egin dituzten dozenaka irteeretan bizitako uneak eta horiek utzitako anekdotak, baina gogoangarrietako gehien-gehienak herrian edo Euskal Herrian bizitakoak direla aitortu dute bi anaiek. Kanpoan edo etxean aritzea nahiago duten galdetuta, berriz, berdin-berdin zaiela aitortu dute; hori bai, hasiberria denarentzat kanpoan aritzea hobea dela nabarmendu dute, herrian ezagunak agurtzen hasten direlako eta halakoetan berehala galtzen delako erritmoa.
Isileko ekarpena
Joaldun izateko erritmoa jarraitu behar da. "Solfeoa, erritmoa jarraitzea eta gogoa", behar direla diote Berasategi anaiek. Adarra jotzeko, berriz, "abilezia". Beraz, gogoa daukan edonor da joaldun izateko gai. Hain zuzen ere, kide hasiberriekin hainbat saio egiten dituzte, haiek egin beharrekoari trukoa harrapatu arte. "Itsasiren dantzalekuan egiten ditugu entseguak, baina ez pentsa asko egiten ditugunik. Izan ere, hau bizikletan aritzea bezalakoa da: behin ikasitakoan, ez da ahazten", azaldu du Jose Ramonek. Beraz, egiten dituzten entseguak taldekide berriei zuzendutakoak izaten dira, eta gainerakoan, ez dira lehenago prestatzeko gelditzen. "Irteeraren egunean, saioa baino ordu erdi lehenago elkartzen gara Itsasiren lokalean, eta listo. Han jantzi, prestatu, eta kalera".
Urte luzeko ibilbidearen ondotik kenduko dituzte ttutturroen taldeko jantziak Astelehen Karnabalean, eta atzera begirako ariketa egitean, aitortu dute "behar beste apreziatzen ez den ekarpena" egiten dutela joaldunen konpartsako kideek. "Jendeari gustatzen zaio ttuntturroak kalean ikustea, pozik hartzen dituzte horiek, baina ez zaio baliorik ematen horren atzean dagoen ahaleginari", esan dute patxotarrek. Hori bai, "argi" utzi nahi izan dute egin dutena nahi izan dutelako egin dutela. "Hemen ez dago gozatzeaz aparteko saririk", diote. Beraz, erretiroaren atarian, penaz daude, baita gogoz ere. Horrela azaldu du anaia zaharrenak: "Iazko urtea amaitzerako esan nion Jose Ramoni nire lekua utziko nuela. Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta... Hiru hamarkada baino gehiago daramatzagu taldean, eta egin beharrekoak egin ditugula sentituta utziko dugu jarduna. Nire asmoa zein zen aitortu ostean erabaki genuen biok elkarrekin utziko genuela taldea 2026ko Astelehen Karnabalean". Jose Ramonek ere ildo beretik hitz egin du, haien lanak eginak dituztela sinetsita: "Agian, ona da gu apartatzea, jende berria taldera animatu dadin. Bestela, betikoak aritzen gara beti, eta jendeak pentsa dezake betirako gaudela taldean. Bideak libre ere utzi egin behar izaten dira ondorengoek har ditzaten".
Beraz, Astelehen Karnabal iluntzean astinduko ditu joareak azkenengoz Jose Luisek eta azkenekoz joko du adarra –era ofizialean– Jose Ramonek. Izan ere, argi daukate ardura utzitakoan taldekideak zirikatzen jarraituko dutela, ohikoa duten maneran.
Iñaki Letamendia Arretxe, Jose Ramon eta Jose Luis Patxo anaiak eta Mikel Ibarzabal, haien gaztetxoekin. (Utzitakoa)
Itsasiko ttuntturroen taldeko kideak, hastapenetan, Enparan dorretxearen ondoan. (Utzitakoa)
Itsasiko joaldunak Senperen ospatutako Herri Urrats festan. (Utzitakoa)
Patxotarrak 2025eko San Tomas eguneko irteerarako prestatzen, Itsasiren lokalean. (Maialen Etxaniz)