Santa Ageda bezpera izango da asteazkenean, eta usadioari jarraituz, ikastetxeetako ikasleak aterako dira kalera kopla kantari. Lasaoko santa eskeko taldeak, berriz, larunbatean egingo du santa eskea.
Asteazkenean, Santa Ageda bezperan, Ikasberriko DBH 4. mailako ikasleek 09:30ean irtengo dute koplari, eta herriko hainbat auzotan ibiliko dira kantuan. 12:00etan, ikastolara itzulita, atarian HHko, LHko eta DBHko gainontzeko ikasleekin batera koplak abestuko dituzte. 19:00etan, berriz, Sanagustinpetik irtenda santa eskean ibiliko dira kalean Ikasberriko guraso, ikasle eta irakasleak.
Izarraizpeko DBHko ikasleak 10:00etan irtengo dute santa eskean. Eguraldia lagun badute, aurrena LHko ikasleengana joango dira koplak kantatzera, eta ondoren, taldeka sakabanatuta herriko hainbat txokotan ibiliko dira kantari. Gainera, koplari batzuk Izarraizpeko HHko ikasleei abestera joango dira eta haiekin batera ere abestuko dute. Eguraldi txarra egingo balu, HHkoek, LHkoek eta DBHkoek bakoitzak bere aldetik jardungo du koplari.
Iraurgi ikastetxetik LH5eko ikasleek irtengo dute kalera koplak kantatzera asteazken goizean. Herrian koplak abesten ari diren bitartean, Goienetxekoengana ere joango dira kantuan. Arratsaldean, 16:30ean hasita, HHko eta LHko ikasleek familientzako koplak kantatuko dituzte ikastetxearen jolastokian. Gainera, ikas komunitateko kideak diren ikasleentzako gozokiak banatuko dituzte.
Lasaon, zapatuan
Lasaon zapatuan, otsailaren 7an, egingo dute santa eskea. 09:00etan irtengo du Lasaoko santa eskeko taldeak koplari, Andoni Egaña eta Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolariek eta Iraitz eta Unai trikitilariek lagunduta. Ohiko ibilbidea egingo dut koplariek. Bazkaria eta afaria ere antolatu dituzte santa eskekoek, baina otordu horietara joateko otsailaren 4a baino lehen izena eman behar da Lasaoko santa eskeko taldekoekin harremanetan jarrita.