Musika estilo ezberdinez gozatzeko aukera izango da asteburuan Sanagustin kulturgunean, zazpi kontzertu eskainiko baitituzte han ostiralean eta larunbatean. Skabidean, Potato, Rosa Sparks eta Bisaiak taldeak oholtzaratuko dira ostiralean 20:00etatik aurrera, eta Latzen zein Kuartz taldeen txanda izango da larunbatean, 22:30ean hasita. Ostiraleko kontzertuetarako sarrerak Kulturaz Kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, 17 euroren truke, eta egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere egongo da, 22 euroren truke. Larunbateko Latzen eta Kuartz taldeen kontzertuetarako sarrerak, aldiz, agortuta daude.
Ostiralean ska eta reggae doinuak nagusituko dira Sanagustinen. Skabidean 2012an Iruñean (Nafarroa) sortutako ska talde ezaguna da, eta gehienbat euskarazko musika ekoitzi ohi du, zenbait salbuespenekin. Potato, berriz, musika talde beteranoa da, 1980ko hamarkadan Gasteizen (Araba) sortua eta garai hartako Euskal Rock Erradikala mugimenduan murgilduta ibili zena. Reggae, ska eta dub doinuak lantzen ditu taldeak. Rosa Sparks Lisboako (Portugal) punk/hardcore taldea dub, funk eta jazz ukituak dituen doinuengatik da ezaguna. Betiko lagunek osatzen dute taldea, eta euren jarrera militanteagatik eta letra borrokalariengatik nabarmentzen da. Eszena antifaxistari lotuta dago eta Skaparapid bezalako taldeekin zenbait birak egin ditu. Azkenik, Bisaiak 2023. urtean Iruñerrian (Nafarroa) jaiotako taldea da, eta abestiek hainbat musika estiloren eragina badute ere, reggae erritmoak dira taldeak gehien lantzen dituenak.
Larunbatean, berriz, Latzen taldea itzuliko da hemezortzi urte eta gero. Denboraren orbainak deituriko disko berria aurkeztuko du Oñatiko (Gipuzkoa) metal talde ezagunak. Aldiz, Kuartz Nafarroa Behereko bikoteak gehienbat rock doinuak eskainiko ditu, zenbaitetan blues doinuak ere tartekatuz.