Pentsioetan atzerapausorik ez dutela onartuko adierazi dute jubilatu eta pentsiodunen plataformakoek

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 3a

Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen mugimendukoen elkarretaratzea atzo. (Utzitakoa)

Aurtengo pentsioen igoera jasotzen duen lege dekretuaren indargabetzea salatu dute Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen plataformakoek. Pentsio duinen alde mobilizatzen segituko dutela ere berretsi dute.

Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunek joan den astean Espainiako Diputatuen Kongresuak pentsioen igoeraren inguruan hartutako erabakia salatu du, eta pentsioen inguruan "atzerapausorik ez" dutela onartuko adierazi dute. Beste behin, atzo elkarretaratu ziren jubilatu eta pentsiodunak Azoka Plazaren aurrean. Astelehenero egiten dituzte mobilizazioak.

Urtarrilaren 27an Espainiako Diputatuen Kongresuak PP, Vox, Junts eta UPN alderdi eskuindar eta ultraeskuindarren kontrako 178 boto eta aldeko 171 boto jasota indargabetu egin zuen 2026rako pentsioen igoera jasotzen duen abenduan onartutako Espainiako Gobernuaren Errege Lege Dekretua. "Erabaki horrekin urtarrileko pentsioan jada aplikatu diren igoerak indargabetu egin dira, eta otsailetik aurrera ez dute eraginik izango, hori ahalbidetuko duen beste Errege Dekretu Legerik aurkeztu eta onartzen ez bada", salatu dute plataformako kideek.

Otsailaren 20rako 2026rako pentsioen igoera ez badago bermatuta, berriro mobilizatuko dira Espainiako Estatuko eta erkidegoetako pentsiodunen plataformakoek bat eginda. "Ez dugu atzerapauso bakar bat ere onartuko, ezta 2011tik 2018ra hartutakoak bezalako pentsioak murrizteko politikak ere", adierazi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide