Inauteriak 2026

Osagai guztiekin iritsiko dira karnabalak

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 3a

Udal ordezkariak Azpeitiko udaletxeko balkoietan. (Azpeitiko Udala)

Jai karnabalarekin, otsailaren 15ean hasiko dira festa egun nagusiak, nahiz eta aurretik ere izango den jaien bueltako ekitaldirik. Sokamuturra ere izango da azkenean aurtengo inauterietan, baita musika emanaldiak nahiz umeentzako ekitaldiak ere.

Osagai guzti-guztiekin iritsiko dira karnabalak Azpeitira. Izan ere, azken ordura arte zalantza izan den arren, sokamuturra izango da aurtengo jaietan ere. Jai karnabalarekin, otsailaren 15ean hasiko dira festa egun nagusiak, nahiz eta aurretik ere izango den jaien bueltako ekitaldirik. Asteburu honetan kaldereroen konpartsa ibiliko da kalez kale, eta karnabalen atarian, euskal inauterien jaialdia nahiz Udal Musika Bandaren guatekea egingo dituzte.

Behin Elegante Eguna iritsita, ekitaldi ugari izango dira astearte iluntzera bitartean. Hain zuzen ere, artzain-inudeen kalejira, Obaneuka taldearen erromeria, Gora bihotzak umeentzako ikuskizuna, euskal mitologian oinarritutako jolasak, mozorro desfilea, helduen mozorro lehiaketa, DJ emanaldiak nahiz suzko zezena izango dira, besteak beste.

Gainera, iaz hasitako bideari jarraituz, Azpeitiko LGTBIQ+ asanbladak eta udalak Astindu Berriz Armayuek! festa antolatu dute Jai Karnabal arratsalderako. Bad Sound Sister, Bibiana Bakana Drag eta Eromena DJa entzuteko aukera izango da, Azoka Plazan.

Egitarau oparoa prestatu du udalak karnabaletarako, eta ekitaldiez haratago, herritarrek egiten duten ekarpena azpimarratu du erakundeak. Hala esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak: "Karnabalen alderik politena herritarrek egiten duten ekarpena da; herritar oro jendeak zer mozorro prestatuko zain-zain egoten da. Benetan eskertzekoa da, gazte nahiz heldu, herritarrek hartzen duten lana eta ateratzen duten festarako gogoa".

Mozorroak protagonista

Jai Karnabalari buelta emateko, mozorro festa izango da astelehenean, otsailaren 16an. Egun osoan mozorroak eta festa giroa izango dira nagusi; izan ere, eguerdian umeen mozorro desfilea egingo dute, eta gauean, berriz, helduen lehiaketa.

Taldeek-eta 22:00etatik 23:00etara izango dute mozorroak erakusteko aukera, plazan, eta ondoren egingo du udalak sari banaketa ekitaldia. Aurten ere hainbat sari banatuko ditu erakundeak, banakakoak nahiz taldekakoak. Mozorro onena prestatzen duen taldeak 900 euroko diru saria jasoko du, bigarrenak 750 eurokoa, hirugarrenak 550 eurokoa eta laugarrenak 350 eurokoa. Banakako mozorro onena egiten duenak, berriz, 200 euroko saria eskuratuko du, bigarrenak 150 eurokoa, eta hirugarrenak ehun eurokoa.

Indarkeria matxistarik gabeko jaiak

Aurten ere indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko du udalak Plaza Txikian. Jai Karnabalean, 12:30etik 15:30era eta 20:00etatik 00:00etara jarriko dute gunea, eta Astelehen Karnabalean, 12:00etatik 15:00etara eta 22:00etatik 03:00etara.

Indarkeria matxistak festetan hartzen dituen formak herriratzeko asmoz, eta Danok eo inorrez. Danona da festie. Danona da ardurie kanpainaren barruan, iaz erabilitako leloak baliatuko ditu udalak aurten ere: Karnabalak pasautekuene jolastu leikek hire feminitatiekin izango da horietako bat, eta Karnabalak pasautakuen zeba molestatzeik beste gizonon feminitatiek? bestea.

Karnabaletan, maskaren eta mozorroen atzean, "denak balio du" jarrera indartu egiten dela ohartarazi du Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak, eta horren ondorioz, "barneratutako genero rolak eta arauak esplizitatu" egiten direla adierazi du. "Ohikoa izaten da gizonak emakumez titi handiak eta gona jantzita ikustea, baita jarrera femeninoak performatzen aritzea ere. Badirudi, feminitatearekin jolastea libre dela inauterietan; aldiz, gainontzeko egunetan beren feminitatea adierazten duten gizonak erabat epaituak izaten dira", esan du Arrietak.

Hona hemen festetako egitaraua:

Otsailak 7, zapatua

  • 19:00. Kaldereroen konpartsa, Udal Musika Bandaren laguntzarekin.
  • 22:30. Latzen eta Kuartz taldeak, Sanagustin kulturgunean.

Otsailak 8, igandea

  • 12:30. Inauterietako abestien kontzertua, Udal Musika Bandaren, Julian Barrenetxea abesbatzaren, Banda Gaztearen nahiz Juan Antxieta musika eskolako abesbatzaren eskutik.

Otsailak 13, ostirala

  • 18:00. Euskal inauterien jaialdia, Ikasberri ikastolakoen eskutik.
  • 22:30. Udal Musika Bandaren guatekea, Sanagustin kulturgunean.

Otsailak 15, Jai Karnabala

  • 09:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.
  • 11:00. Udal Musika Bandaren, Banda Gaztearen nahiz Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
  • 11:15. Arrasateko gaiteroak.
  • 11:30. Incansables txaranga.
  • 11:45. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 12:00. Sokamuturra (Lopene ganadutegia).
  • 12:00. XLV. Sokamuturra argazki lehiaketa-Imanol Elias saria, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta.
  • 12:30. Elegante pasiera, Itsasiko artzain-inudeekin eta danbor taldearekin.
  • 12:30. Incansables txaranga.
  • 16:00. Astindu Berriz Armayuek! jaialdia: Bad Sound Sister, Bibiana Banaka Drag eta Eromena DJa, Azoka Plazan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 16:30. Sokamuturra (Lopene ganadutegia)
  • 19:30. Gauerdi txaranga.
  • 19:30. Obaneuke taldearen erromeria, plazan.
  • 20:00. Rocka kalean emanaldia.

Otsailak 16, Astelehen Karnabala

  • 12:00. Banda Gaztearen nahiz Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
  • 12:30. Erraldoiekin eta buruhandiekin, umeen mozorro desfilea.
  • Ondoren, Gora bihotzak ikuskizuna plazan.
  • 16:00-19:00. Euskal mitologian oinarritutako jolasak, Azoka Plazan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 16:30. Sokamuturra (Saka ganadutegia).
  • 18:30. Deiadar txaranga.
  • 19:00. Mozorro lehiaketa.
  • 19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.
  • 20:00. Itsasiko ttuntturroen kalejira.
  • 19:30-22:00. Davila eta Oihan Vega DJak plazan.
  • 22:00-23:00. Mozorroak erakusteko geldiunea plazan.
  • 23:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa.
  • Ondoren, DJ emanaldia.

Otsailak 17, Astearte Karnabala

  • 00:30. Los Pasai txaranga.
  • 05:00. Baratxuri zopa jana, Azoka Plazan.
  • 06:15. Udal Musika Bandaren goiz eresia.
  • 06:45. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 07:00. Sokamuturra (Saka ganadutegia)
  • 12:00. Banda Gaztearen kalejira.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 16:30. Sokamuturra (Lopene ganadutegia)
  • 16:30. Ochiren lagunak filma, Soreasu antzokian.
  • 18:00. Irulitxa txaranga.
  • 20:00. Suzko zezena, plazan, Irulitxa txarangarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide