Astebete pasatxo falta da aurtengo inauterietarako, eta urteroko ohiturari jarraituz, kaldereroek kalejira egingo dute larunbatean, karnabalak hemen direla iragartzeko. Elkartzeko hitzordua 19:00etan jarri dute San Martin egoitzaren parean, eta handik abiatuta kalerik kale ibiliko dira trapu zaharrak soinean eta zartaginak eskuetan dituztela. Egoitzatik Goiko kalera joango dira aurrena, eta gero, plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik eta Donejakue kaletik igarota, plazan amaituko dute desfilea.
Helduek, gazteek eta haurrek izango dute kalejiran parte hartzeko aukera, eta aurten ere astoak aterako dira karroei tiraka. Konpartsako parte hartzaileek Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestiak joko dituzte ibilbidean zehar, Udal Musika Bandako eta Juan Antxieta musika eskolako kideak lagun dituztela.
Karnabaletako kontzertua, igandean
Inauterietako abestien kontzertua eskainiko dute igandean Udal Musika Bandak, banda gazteak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak Sanagustin kulturgunean, 12:30ean hasita. Emanaldiak iraun bitartean Azpeitiko Argazki Elkartearen, Gukaren eta hainbat argazkilariren karnabaletako argazkiak proiektatuko dituzte.