Nolatan joan zinen Kanadara bizitzera?
Epsilonen egiten nuen lan, baina enpresa itxi egin zuten, eta beste talde batzuetan lana egiteko ingelesa oso beharrezkoa nuela ikusi nuen. Emaztea, Jessica, Kanadakoa da, eta handik deitu zioten, lehendik eginda zuen proiektu batean jarraitzeko eskatuz. Abenturara joan nintzen.
Eta zer moduz?
Ondo, baina hasiera nahiko gogorra izan zen. Lanerako bisarik ere ez neukan; uste genuen izapideak nahiko azkar eta erraz egingo genituela, baina ez zen hala izan. Gainera, ingelesarekin muturreko ederra hartu nuen; Kanadara iritsi orduko, segurtasunekoek atzeman ninduten aireportuan, eta ingelesez zipitzik ez nekiela ohartu nintzen. Gero, Kanadan bizi eta lan egin ahal izateko izapideak gauzatzeko prozesua oso luzea izan zen, eta tarte horretan, gidabaimen denak kendu zizkidaten. Nire ametsa han kamioiak gidatzea zen, baina ezer gabe gelditu nintzen.
Ez zenuen etsi, ordea.
Ez, ingelesa ikasten hasi nintzen; han bizi eta lan egin ahal izateko agiri denak lortzeko bideari ekin nion. Paper guztiak esku artean izateko urte eta erdi behar izan nuen. Izan ere, agiri denak Calgarytik Torontora bidali behar dira, Torontotik Parisera eta Paristik Madrilera, eta gero buelta berriro ere. Paper denak jaso nituenean, bizileku baimena eta gidabaimenak ateratzeko izapideak hasi nituen.
Kamioiak gidatzeko ametsa bete al duzu?
Bai. Kamioi handiak eta muturluzeak gidatzea nahi nuen, eta horixe da nire lanbidea. Kanadako gidabaimenak lortuta, segituan hasi nintzen enpresa batentzako lanean, eta enpresa hark aukera eman zidan neure kamioia erosi eta beraientzat lan egiteko. Enpresa txiki bat muntatu nuen horretarako, eta Kanadatik AEBetara egiten ditut bidaiak. Utah, Montana, Idaho eta Kanadako mugatik gertu dauden estatuetara joaten naiz kamioiarekin, eta Kanadan bidaia luzeak egiten ditut.
Calgaryn bizi zara. Nolakoa da hiri hori?
55 kilometro luze eta 40 kilometro zabal ditu hiriak, eta 1,7 milioi biztanle. Erdigunean dorre batzuk baldin badaude ere, etxe gehienak baxuak dira, eta horietako bakoitzak du bere berdegunea... Mendian biziko bagina bezalakoa da; etxe aurrean parke handi bat daukagu, eta katagorriak-eta han ibiltzen dira. Mendi Harritsuak [Rocky Mountains] etxetik ordubetera ditugu. Leku zoragarria da.
Azpeititik zer eramango zenuke Kanadara?
Euskal Herrian daukagun bizitzeko edota sozializatzeko era eramango nuke, eta jatekoa. Calgaryn bakoitzak bere bizitza egiten du, bizimodua oso indibiduala da. Lan asko egiten dute, gainera: ordu piloa pasatzen dituzte lanean. Han nagoenean zera pentsatzen dut: "Hauek lana egiteko bakarrik bizi dira". Azkenean, ordea, bizimodu horretara jartzen da bat.
Kanadatik zer ekarriko zenuke Azpeitira?
Emaztea. Gainontzean, behin Azpeitira etorrita, ez dut uste beste ezer sumatuko nukeenik faltan. Igoal, handik ekarriko nituzke diskrezioa edota herrian oharkabean ibiltzeko aukera.
Calgaryn zer egiten du jendeak aisialdian?
Neguan oso gogorra da hango bizimodua, zero azpitik 20-30 gradu egiten dituelako eta kanpoan elur asko egoten delako. Mendi Harritsuetako eski pistetara joaten da jendea, edota izoztuta dauden lakuetara patinatzera. Udan, berriz, jende asko mendira joaten da eta asteburuak pasatzera kanpinera. Gure hiritik ibai handi bat pasatzen da, eta tokia zoragarria da. Gainera, raftingerako ontziak alokatzen dituzte. Bestalde, herritarrak asko mugitzen dira autoz; han jendeari ez zaio batere kostatzen bi edo hiru orduz gidatzea.