Aitzealdenk! musika jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Kulturaz kultur kooperatibak eta Ayuken Management elkarteak elkarlanean. Azken urteetan, Sanagustin kulturgunearen hastapenetan oihartzun handia izan zuen egitasmoari "eutsi nahi" izan diote bi elkarteek. Hala, laugarren aldirako kontzertuak martxoaren 13rako, 14rako eta 15erako antolatu dituzte Sanagustin kulturgunean.
"Inoiz baino egitarau zabalagoa" izango du Aitzealdenk! festibalak antolatzaileek aurreratu dutenez. Hiru egunetan zazpi taldek joko dute Sanagustin kulturguneko agertokian. "Ohiko rock doinuen esentzia mantenduz, beste estilo batzuez gozatzeko aukera ere izango dugu aurten", gaineratu dute jaialdia iragartzerakoan.
Zestoako bi talderen kontzertuekin hasiko da jaialdia martxoaren 13an; Ezpalak eta Lin Ton Taun taldeek joko dute egun horretan Sangustinen. "Ezpalak taldeak festibalean parte hartuko duen bigarren aldia izango du. Iaz izan zuten arrakastaren ondoren, beste behin oholtza lehertzera datoz", esan dute Aitzealdenk!-en antolatzaileek.
Bigarren egunean, martxoaren 14an, "punkrock estiloetatik doinu dantzagarriagoetara" egingo du salto jaialdiak. Izan ere, larunbat horretan, Marte Lasarte, Sua eta Fatal taldeen pop eta elektronika doinuak izango dira nagusi Sanagustin kulturguneko agertokian. Jaialdiaren hirugarren eta azken egunean, berriz, "giroa goxatuz Euskal Herriko bi ahots berezi" ariko dira kulturguneko oholtzan: Sara Zozaya eta Gartxot.
Martxoaren 13ko eta 14ko kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Kulturaz.eus webgunean. Igandez izango diren bi kontzertuetarako ez da sarrerarik beharko, doan dira.
IV. Aitzealdenk! Egitaraua:
- Martxoak 13, ostirala. Ezpalak eta Lin Ton Taun taldeak. 22:30ean, Sanagustin kulturgunean. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean.
- Martxoak 14, larunbata. Marte Lasarte, Sua eta Fatal. 21:30ean, Sanagustin kulturgunean. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean.
- Martxoak 15, igandea. Sara Zozaya eta Gartxot. 18:00etan, Sanagustin kulturgunean. Doan.