Isiltasuna da nagusi, biko edota lauko mahaietan banan-banan jarrita daude, bakoitza berera. Mahaiaren gainean ordenagailu eramangarriak, hitzez, zenbakiz, formulaz betetako orri zuriak, arkatzak eta boligrafoak, kantinplora ere bai, eta bat edo beste aurikularrekin. Horrelakoa da giroa ikasleentzako egokituta dauden Sindikatu Zaharreko eta Enparan dorretxean kokatuta dagoen Udal Liburutegiko ikasgeletan. Boladaka jende gehiago ala gutxiago biltzen da ikasteko egokitutako burbuila horietan, baina beti dago bateren bat ikasten. Batxilergoko eta unibertsitateko azterketa garaietan egoten dira jendez beteenak toki horiek; azkenengoz, esaterako, abenduan eta urtarrileko lehen asteetan. Izan ere, erabiltzaile gehienak Batxilergoko, unibertsitateko nahiz masterretako ikasleak edota lan deialdi publikoetarako prestatzen ari diren herritarrak dira.
Beren-beregi ikasteko prestatutako tokiak dira. Erabiltzaileen ustez, baldintza egokiak eskaintzen dituzte ikasleek ikasteko tokia izateko helburuz prestatutako ikasgelek: erosoak izateaz gainera, leku horietan pasatzen dituzten orduei etxean ikasten jardunda baino etekin handiagoa ateratzen diete.
Garai batean, Loiolako Santutegian, liburutegiaren hegalean, ikasgelak irekitzen zituzten azterketa garaietan eta asteburuetan, Azpeitiko Udalarekin egindako lankidetza akordioa tarteko. Zerbitzu hori, baina, ez dute eskaintzen 2020. urtetik –konfinamendu garaitik–. Loiolako zerbitzua martxan zen artean, Azpeitiko Udalak Sindikatu Zaharreko lehen solairuko bilera gelak ikasleentzako egokitu zituen: bata ikasgela gisa erabiltzeko eta bestea lanerako toki gisa. Iazko otsailean, ordea, ikasgelaren erabilera handia zela ikusita, aurretik lanerako gela zena bigarren ikasgela izateko egokitu zuen udalak. Ondorioz, gaur egun bi ikasgela daude Sindikatu Zaharrean.
Sindikatu Zaharreko bi ikasgelak astegunetan, asteburuetan nahiz jaiegunetan egoten dira zabalik, 08:00etatik 22:00etara. Ikasgela horietara joateko ez dago aurrez erreserbarik egin beharrik, baina 16 urtetik gora izan behar dituzte erabiltzaileek. Araitz Unanue (Azpeitia, 2002) eta Oihan Esnal (Azpeitia, 1999) dira Sindikatu Zaharreko ikasgelen erabiltzaileetako bi.
Selektibitaterako ikasten ari zen garaian hartu zuen Unanuek Sindikatu Zaharrera ikastera joateko ohitura, eta harrezkero, "orduak eta orduak" pasatzen ditu han. Bukatuta du Matematikako gradua, eta masterra egiten ari da orain. Liburutegiko ikasgeletako ordutegia baino erosoagoa egiten zaio Sindikatu Zaharrekoa, eta horregatik jotzen du hara. "Ikasgelara 08:00ak eta 09:00ak artean joan eta 14:00 aldera arte egoteko ohitura daukat. Liburutegia, ordea, eguerdian itxi egiten dute, eta jarduna luzatzeko aukerarik ez da izaten. Sindikatuan, aldiz, norberak erabakitzen du noiz arte egon nahi duen han", esan du.
Lanak ahalbidetzen dion orduetan joaten da Esnal hara ikastera, lana eta ikasketak uztartzen baititu. Dena den, goizetan ikastea nahiago izaten duela esan du, "09:00etatik 13:00 aldera arte". Ikasgelan orduak gehiago aprobetxatzen ditu Esnalek, etxean ikasteko kontzentratzea gehiago kostatzen zaiolako: "Behin ikasgelara joanda, badakizu zertara zoazen". Orain dela bizpahiru urtetik joaten da Sindikatuko ikasgelara Esnal, Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak gradua du eginda, eta orain, errendimenduaren eta futbolaren inguruko doktoretza ari da egiten.
Sindikatu Zaharreko ikasgelek ez dute aitzakiarik Esnalen eta Unanueren arabera. Baldintza onak eskaintzen dituzte: "Mahaiak handiak dira, ia mahai guztiek dituzte entxufeak, Interneterako konexioa dago...". Eskatzen hasita, baina, "kafe makina bat" falta dela irizten dio Unanuek. Azterketa garaian "mahaia harrapatzea" zaila izaten dela aipatu dute. "Biko mahaiak ere badaude, baina denok mahaian bakarrik egotea nahi izaten dugu, lasaiago egoteko. Jende asko dabilenean, hori izaten da toki faltaren arrazoietako bat", gaineratu du Esnalek.
Unanuek eta Esnalek ez bezala, Inar Larrañagak (Azpeitia, 2000) Udal Liburutegira jo ohi du ikastera. Bigarren solairuko ikasgelan "bake-bakean" egoten dela azpimarratu du hark, eta liburutegiaren ordutegiari ez dio aitzakirik ikusten. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua eta Kirol Zuzendaritza eta Kudeaketa masterra egin ondoren, Kirolean Big Data eta Adimen Artifiziala masterra egiten ari da. "Online masterra egiten hasi nintzenean, konturatu nintzen kostatu egiten zitzaidala etxean antolatzea eta zentratzea, eta neure burua ordenatu nahian, ikastera liburutegira joaten hasi nintzen", azaldu du. Gustura jarduten du liburutegiko gelan ikasten Larrañagak. "Kanpoan hotz egiten duenean epel-epel egoten gara liburutegian, eta kafe makina ere badago. Azterketa garaian, jende asko egoten da ikasgela handian –lehen solairukoa–, baina askoz ere gutxiago egoten gara bigarren solairuko ikasgelan", azaldu du ikasleak.
Udal Liburutegian 15 urtetik gorakoentzako bi ikasgela eta bi langela daude egokituta. Lehen solairuan, helduen liburutegian, 56 pertsonak ikasteko tokia dago, eta bigarren solairuan dauden ikasgelan eta bi langeletan hogeina pertsonentzako lekua. Sindikatu Zaharrean bezala, liburutegian ere ez dute tokirik erreserbatzen, hala esan du Beatriz Aranbarri liburuzainak: "Noiz edo noiz galdetu izan digute aldez aurretik tokia erreserbatzeko aukerarik ba al dagoen, baina horretarako aukerarik ez dago, ikasgelak eta lanlekuak irekiak baitira".
Liburutegian badute, gainera, ikasle gazteagoentzako ikasgela edota lanlekua ere. Hain zuzen ere, beheko solairuan, 8 eta 14 urte bitartekoentzako liburutegian, lanerako mahaiak daude erabilgarri. "32 lagunentzat tokia dago mahaietan, eta ikasle batzuek badute astegun arratsaldeetan etxeko lanak egiteko bertan elkartzeko ohitura", azaldu du Aranbarrik.
Ikasteko gogoa baldin badute, horretarako toki faltaren aitzakiarik ez dute herriko ikasleek, burbuila batean ala bestean lasai eta eroso jarduteko baldintzak bermatzen direla diotelako erabiltzaileek beraiek.
Jendea Sindikatu Zaharreko ikasgeletako batean ikasten. (Nerea Uranga)
Oihan Esnal. (N. Uranga)
Araitz Unanue. (N. Uranga)
Inar Larrañaga. (N. Uranga)