Hartzak Zeruan, I6, White Carters eta Maider Cigarroa izango dira Arkupehotsak egitasmoaren aurtengo protagonistak

Maialen Etxaniz 2026ko otsailaren 8a

Arkupehotsak egitasmoko aurtengo hautatuak eta Kulturaz kooperatibako kideak. (Kulturaz)

Martxoaren 14an egun osoko formakuntza jardunaldia egingo dute, eta elkarren proiektuak hobeto ezagutzeko parada izango dute. Deialdiaren barruan hautatutako taldeek hainbat laguntza jasoko dituzte beren sormen prozesua garatu ahal izateko. Horrez gain, urtero bezala, proiektuan parte hartu duten taldeek emanaldi kolektiboa eskainiko dute. Aurtengoa ekainaren 13an izango da, eta berrikuntza gisa, plazan eskainiko dituzte zuzenekoak. 

Arkupehotsak egitasmoaren zortzigarren edizioak baditu protagonistak. Hain zuzen, Hartzak Zeruan, I6, White Carters eta Maider Cigarroa izango dira 2026ko edizioan hautatutako musika proiektuak, eta horiek musikaren nahiz soinuaren inguruan sortzeko, ikasteko eta egindakoa plazaratzeko aukera izango dute Kulturaz kooperatibaren eskutik. Ostiral arratsaldean aurkeztu zuen Kulturazek aurtengo Arkupehotsak edizioa Dinamoa sormen gunean, eta egitasmoaren barruan hautatutako musikariek sormen gunea ezagutzeko aukera izan zuten, baita haien proiektuen inguruko xehetasunak ematekoa ere. 

Izan ere, lau musika taldeek datozen hilabeteetan Dinamoko soinuaren eremua erabiltzeko aukera izango dute, bertan entseatzeko eta zuzenekoa prestatzeko aukera eskaintzen baitie Kultutazek. Horrez gain, hainbat formakuntza saio egingo dituzte Dinamoan bertan, musikari profesionalen eskutik. Modu horretan, musikarien aholkuak entzun nahiz irizpide eta ezaugarri teknikoak ikasiko dituzte. Amaitzeko, ikasitakoa jendaurrean plazaratuko dute kontzertu kolektibo batekin. Aurten, aurrenekoz, Sanagustin kulturguneko arkupea utzi eta Azpeitiko plazara aterako dira emanaldia eskaintzera. 

Arkupehotsak egitasmoaren zortzigarren edizioko protagonistek askotariko musika estiloak jorratzen dituzte, eta Kulturazek adierazi duenez, "egitasmoak erakutsi du Euskal Herriko panorama musikala oso anitza" dela. 

Taldeen xehetasunak

i6 Elorrioko Izeiren proiektu pertsonala da. Dagoeneko bi disko kaleratu ditu, instrumentu denak bere kabuz grabatuta, eta hirugarren diskoa prestatzen ari da. Euskaraz abestutako kantak zein instrumentalak konposatzen ditu. Rock musika lantzen du gehien. 

Hartzak Zeruan Arakilgo Hiriberrin sortutako Power Duo-a dira. 2024ko udan zerbait jotzeko gelditu eta azkenerako musika talde bihurtu diren bi lagunek osatzen dute taldea. 2025ean sei alez osatutako EP-a grabatu zuten, Bidean izenekoa. Hainbat lehiaketetan parte hartu dute: Villasound 2025 lehiaketan finalista gisa sailkatu ziren baita Herri Urratseko maketa lehiaketan ere. Gaztea maketa lehiaketan, berriz, aurrefinalista gelditu ziren.

White Carters musika beltzan oinarritzen den proiektua da, gaur egungo funk soinuaz bultzatuta, euskal musika eszenan izaera propioa islatzera datorrena. Energia bereizgarri batekin sendotuta, entzuleak soul eta R&B-aren benetako doinuetara hurbiltzea dute helburu, haien konposizio propioekin generoaren groovea eta kanta ikonikoen espiritua bilatuta.

Maider Cigarroa Ipar Euskal Herriko abeslari eta konposatzailea da. Bere bakarkako proiektuan, transmisioa, memoria eta belaunaldien arteko loturak lantzen ditu, bereziki emakumeen arteko transmisioan arreta jarrita. Ahotsa, erritmoa eta gorputza dira bere sorkuntzaren ardatzak, keinu eta lotura ikusezinak azaleratzeko. 

Zuzenekoa, grabazioa eta talde irabazlea

Kulturazek 2018an jarri zuen martxan Arkupehotsak, eta ordutik, honako hauek izan dira proiektuaren lan ildo nagusiak: musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta hori plazaratzea. Hori horrela, deialdiaren barruan hautatutako taldeek hainbat laguntza jasoko dituzte beren sormen prozesua garatu ahal izateko. Hasteko, Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute, bertan entseatu eta zuzenekoa prestatzeko. Horrez gain, martxoaren 14a taldeen arteko topaketa eguna izango da. Taldeek elkar ezagutu eta jakintzak elkarbanatzeko aukera izateaz gain, bi formakuntza saio jasoko dituzte: artistikoa eta teknikoa. Saio horiek izaera praktikoa izango dute. Saio teknikoa, esate baterako, musika talde profesional baten soinu proban bertan gauzatuko da, zuzenean. Bestalde, tailer artistikoan gazteek formakuntza jasotzearekin batera, sortzen ari diren abestien inguruko aholkularitza jasoko dute.

Horrez gain, urtero bezala, proiektuan parte hartu duten taldeek emanaldi kolektiboa eskainiko dute; 2026ko ekainaren 13an izango da edizio honetako zuzenekoa. Alabaina, aurten, pauso bat aurrera eman nahi izan du Kulturazek, eta taldeak "Arkupehotsak izenaren jatorrian dagoen arkupetik harago" iritsiko dira: musikak herriko kaleak hartuko ditu. Hala, orain arte Sanagustin kulturgunean eskaini izan ohi den zuzeneko emanaldia Azpeitiko plaza nagusira eramango dute 2026an. Horrek espazio zabalagoa eta ikus-entzule gehiagorengana heltzeko aukera eskainiko du. Talde edo bakarlari bakoitzak, gainera, 300 euro jasoko ditu zuzeneko kontzertuaren truke, baita bere zuzenekoaren audio grabaketa profesionala egiteko aukera ere. Grabazio horretatik abiatuta, parte hartzaile bakoitzak bere gustuko abestiaren nahasketa jasoko du, etorkizunerako material baliagarri gisa. Era berean, Arkupehotsak egitasmoak talde irabazle bat izango du, eta horrek Sanagustin kulturguneko oholtza nagusia musika talde ezagunago batekin partekatzeko aukera izango du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide