Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusiak berri onekin itzuli ziren zapatuan Garmendipera, bai gizonek eta bai emakumeek hutsean utzi zituzten aurkariak hiruna puntu gehiagorekin etxeratuz.
Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onakek Derioren kontra jokatu zuen larunbatean, 18:30ean, Derioko (Bizkaia) Ibaiondo futbol zelaian. 0-1 egin zuten Riberaren mutilek, txartel festa beteko norgehiagokan. Partidaren hasieran pareko aritu ziren bi futbol taldeak zelaian. 41. minutuan markagailua hautsi zuen Sorazuk, Derioko atezainaren zalantzari probetxua aterata. Partidaren bigarren zatian, kontuak aldatu egin ziren Ibaiondon, eta Derioko atezainak Sorazuri egindako penaltia ez zuen adierazi, hori gutxi ez eta txartel horia atera zion Lagun Onakeko pitxitxiari, eta 60. minutuan gorria. Hortik aurrera, garaipenari eusteko, zelaian lan eta lan jardun zuten Riberaren mutilek, baita lortu ere. Sailkapeneko bigarren postuan dago Lagun Onak, Portugaleteren atzetik.
Hurrengo norgehiagoka datorren zapatuan, otsailaren 14an, jokatuko du Garmendipen Hirugarren Mailako taldeak. San Ignacioren kontrako partida 17:00etan hasiko da.
Tolosari irabazita
Ohorezko Erregional mailako emakumeen Lagun Onak taldeak Tolosaren kontra jokatu zuen larunatean, 16:45ean, Usabal futbol zelaian. Hasieratik ondo heldu zioten jokoari Lagun Onakeko neskek, laugarren minuturako 0-1 jarri zuten markagailuan, Lorea Ruedak ateratako korner bat Sara Amenabarrek errematatu eta gola sartuta. Gol aukera gehiago ere izan zituzten lehenengo zatian, baina ez zuten asmatu. Aukera horien artean, Amane Goenagak botatako eta atezainak gelditutako penaltia.
Bigarren zatian, pixka bat kostatu egin zitzaien Lagun Onakekoei baloiaren kontrola eskuratzea. Ia partidaren bukaerara arte 0-1 emaitzarekin egonda, tentsioan jardun zuten jokalariek. 90. minutuan, ordea, Lorea Ruedaren beste korneti bati esker, Joane Kortak buruz errematuta bigarren gola sartu zuen. Era horretan, hiru puntu gehiago pilatuta itzuli zen etxera taldea.
Datorren asteburuan atsedena izango du Ohorezko Erregional emakumeen taldeak. Hurrengo jardunaldia otsailaren 22ko asteburuan jokatuko du, etxean, Bergararen kontra. Sailkapenean Lagun Onak bosgarren postuan dago eta Bergara bigarrenean.