Urolako Trenaren mendeurrena ospatzeko, lasterketa berezia eta automotore zaharberritua

Maialen Etxaniz 2026ko otsailaren 10a

(Maialen Etxaniz)

Urolako Trenaren mendeurrena ospatuko dute otsailaren 22an hari eskainitako lasterketa bereziarekin. "Gelditzeko datorren proba" da Urolako Trena maratoia, eta erakundeek begi onez ikusten dute egitasmoa, daukan balio kultural eta turistikoagatik. Aurtengo edizioa maratoi erdiko luzeran egingo dute, eta 800 inguru korrikalariren parte hartzea aurreikusten dute sustatzaileek. Mendeurrenaren harira, Urolako Trenean ibili zituzten automotoreetako bat zaharberritu du Euskotrenek.

Urolako Trenak 100 urte beteko ditu 2026ko otsailaren 22an, eta data berezi horren bueltan, hainbat egitasmo prestatu dituzte Urola bailaran. Alde batetik, mendeurrenaren egunean bertan, hilaren 22an, Urolako Trena lasterketa jokatu dute Zumarraga eta Azpeitia artean. Bestetik, Urolako Trenean erabili zituzten automotoreetatik gelditzen zen bakarra zaharberritu dute.

Bi egitasmo horien inguruko xehetasunak emateko eta Urolako Trenaren balio historiko eta kulturala aldarrikatzeko, agerraldia egin dute gaur Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan. Bertan izan dira Susana Garcia Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburua; Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua; Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea; Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea; Jon Luqui eta Mikel Serrano Urretxuko eta Zumarragako alkateak; Asier Auzmendi Urolako Trena maratoiaren antolakuntza taldeko kidea eta Juanjo Olaizola museoko zuzendaria. Guztiek hartu dute hitza agerraldian, eta Urolako Trenaren balio sentimental eta historikoan egin dute azpimarra. Halaber, Urolako Trenaren eta hari eskainitako lasterketaren "potentzial turistikoa" nabarmendu dute. 

Trenari eskainitako maratoia

Otsailaren 22an, mendeurrenaren egunean, egingo dute aurrenekoz Urolako Trena lasterketa. Aurtengoa maratoi erdia izango da, eta korrikalariek Zumarragatik Azpeitirainoko bidea egingo dute, trenak egiten zuen ibilbidearen gainetik; hau da, gaur egungo bidegorritik. Horrenbestez, Zumarragako eta Azpeitiko tren geltokiak lotuko ditu lasterketak, aurrez Urretxutik eta Azkoititik igarota. Hala ere, etorkizunean –2027rako espero dute sustatzaileek– maratoiaren distantzia ofiziala izango du Urolako Trenari eskainitako lasterketak. Modu horretan, ibilbideak trenbide zaharraren bidea osorik egingo du, Zumarragatik Zumaiaraino. 

Asier Auzmendi Urolako Trena maratoiaren antolakuntza taldeko kideak aurreratu duenez, aurtengo lasterketan 800 inguru korrikalarik parte hartuko dute. Izen-emateak harrera ona izan duela nabarmendu du hark, eta punta-puntako korrikalarien parte hartzea egongo dela ere kontatu du. Halaber, proba azkarra izango dela aurreratu du; izan ere, korrikalariek maldan behera egin beharko dute lasterka, ibilbideak desnibel negatiboa baitu. Bidearen ezaugarriak tarteko, "egiteko oso erraza" izango da lasterketa, eta horregatik kirolaz eta inguruko parajeez gozatu nahi duen oro animatu du hitzordura. Proba 11:00etan hasi da Zumarragan, eta Urolako Trenak zituen geltokietan jarriko dituzte korrikalarientzako anoa postuak.  Aurreneko anoa gunea Aginagako geltokian jarriko dute, bigarrengoa Aizpurutxokoan, hirugarrena, Azkoitikoan, eta laugarren eta azkena, Loiolako geltokian. Lasterketa Azpeitiko Trenbidearen Euskal Museoan amaituko da.

Lasterketa bukatuta, Azpeitian jarraituko du mendeurrena ospatzeko antolatutako egitarauak. Korrikalariek elkarrekin bazkalduko dute Azoka Plazan. Arratsaldean, berriz, elektrotxarangak girotuko ditu Alde Zaharreko kaleak. Gauean, Sanagustin kulturgunean borobilduko dute festa, Dj emanaldiarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, oraindik guztiz itxi gabe dute egitaraua, eta datozen egunean jakinaraziko dituzte xehetasun guzti-guztiak.

Gaur gaurkoz, Urolako Bide Berdea eraikitzeko lanak amaitu gabe daude, Zestoatik Zumaiara bitarteko bidegorriaren zatiko lanak bukatzeko baitaude oraindik. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen hilabeteetan lan horiek amaitzea aurreikusten du, eta, horrenbestez, 2027rako Urolako Bide Berdea osorik egiteko moduan egotea. 

Nostalgia, kultura eta turismoa

"Gelditzeko datorren lasterketa" da Urolako Trena maratoia, eta Urola Garaiko, Urola Erdiko eta Urola Kostako erakundeek begi onez ikusten dute egitasmoa. Besteak beste, turismoa, kirola, historia, ingurumena eta ondarea uztartuko dituen proiektua dela uste dute guztiek, eta horregatik nabarmendu dituzte lasterketaren antolatzaileen ekintzailetasuna, lanerako prestutasuna eta ahalegina. Urola bailarako alkateek aipatu dute "nostalgiaz" gogoratzen dutela Urolako Trena, eta horregatik "are bereziago" egiten zaie martxan jarritako egitasmoa. 

Azkoitiko alkate Ana Azkoitiak adierazi du Urolako Trena maratoia inspirazioaren emaitza dela, eta iraganari ez ezik, etorkizunari begiratzeko modu bat dela.  Eskerrak eman dizkie proiektua posible egin duten erakunde publikoei zein pribatuei, egitasmoa "kirol proba soil bat baino gehiago"  delako. "Garraio jasangarriaren gaia ahoz aho darabilkigu gaur egun, eta Urolako Trenak gogorarazten digu duela 100 urte ere garraioaren aldeko apustua egin zutela", adierazi du Azkoitiak. Era berean, gogora ekarri du La Guipuzcoana enpresaren 100. urteurrena. Azpeitiko alkate Nagore Alkortak ere, emozioz eta nostalgiaz gogoratzen du trena, eta transmisioaren garrantzian jarri du arreta. Azpeitiko alkatearentzat transmisiorako aukera polita eskainiko du Urola Trena maratoiak. "Ea datorren urtean Zumarragatik Zumaiara bitarteko bidea osorik egiteko modua den", gaineratu du. 

Azahara Dominguezek, bere aldetik, esan du Urolako Trena maratoiak Gipuzkoa ezagutarazteko balioko duela. Zentzu horretan, lasterketaren "potentzial turistiko eta ekonomikoa" nabarmendu ditu. "Gipuzkoaren alde, garapenaren alde eta etorkizunaren alde" sortutako lasterketa dela esan du, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei: "Zuen arrakasta, Gipuzkoaren arrakasta izango da". Probaren egunean garraio publikoa erabiltzeko deia egin die herritarrei. 

Automotorearen zaharberritzea

Mendeurrenaren harira eta datak duen garrantzia baliatuta, 1926an inauguratu zuten Urolako Trenean ibili zituzten automotoreen artetik gelditzen zen pieza bakarra berreskuratu eta zaharberritu du Euskotrenek, Burdinbidearen Museoaren Lagunen Elkartearen laguntzarekin. Hain zuzen, Zumarraga-Zumaia linea inauguratu ostean, zazpi automotorek egin zuten posible trenbidetik igarotzen ziren trenen trakzioa. Zazpi horietako bat da zaharberritu duten M6 automotorea. Gaurko agerraldian pieza hori bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute erakundeetako ordezkariek, museoko zuzendari Juanjo Olaizolaren laguntzaz. M6aren inguruko bitxikeriak eta xehetasunak azaldu ditu hark.

Urolako Trena 1926an inauguratu zen, eta aurrerapen garrantzitsua izan zen Gipuzkoako trenbide sarearen sorreran. Garai hartan, Espainiako estatuko sarerik osoena zen, eta Europako dentsoenetako bat. Zumarraga-Zumaia linea nabarmendu egin zen hastapenetatik; izan ere, elektrifikatuta zegoen eta geltokiek itxura berezia zuten arkitektura aldetik. Ramon Kortazar arkitektuak diseinatu zituen. Euskal Herriko trenbide sareari lotutako ondare handia dute jasota Azpeitiko museoan. 

Ordezkari politikoak, M6 automotorearen barruan. (Irekia)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide