Ostegunean, hilaren 12an, 18:30ean egingo dute Azpeitiko Korrika batzordea osatzeko bilera, Dinamoa sormen gunean. Egun bat atzeratu dute bilera hori, bihar, asteazkena, 18:00etan, Euskara Mahaia bilduko delako Basazabal jauregian.
Martxoaren 28an, larunbatez, pasatuko da euskararen aldeko egitasmoa Azpeititik. Korrika herritik igaroko den egun hori antolatzea izango da Korrika batzordearen asmoa. Horregatik, herriko eragileetako ordezkariak nahiz norbanakoak batzordean parte hartzera deitu dituzte, antolatu daitezkeen ekintzen proposamenak egiteko.
Martxoaren 28an bi aldiz igaroko da 24. Korrika Azpeititik: Errezildik barrena jaitsita, Domusa Teknik-en parean (15:52) hasiko da Korrikaren Azpeitiko ibilbidea eta Artzubiatik herrigunera sartuko da. Segidan, Damaso Azkue auzotik igarota, Zestoarako bidea (17:00) hartuko du. Gero, Zestoatik Azpeitira etorriko da berriro, eta Madalena auzotik sartuko da Alde Zaharrera 17:52an. Behin herria igarotakoan, 18:32an Azkoitirako bidea hartuko du.
Martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi eta hil horren 29an Bilbon bukatuko da 24. Korrika.