Ostiral eguerditik asteazkenera itxi egingo dute Nuarbe eta Beizama arteko errepidea

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 10a

Nuarbe eta Beizama arteko errepideko obrak. (Mailo Oiarzabal)

GI-3720 errepidearen Beizama eta Nuarbe arteko zatian bidea hobetzeko lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Obrengatik itxiko dute bide zati hori hilaren 13tik (14:00etatik) hilaren 18ra arte. Beraz, Azpeititik Beizamara autoz Bidania-Goiaztik barrena joan beharko da.

Hilabete inguru da GI-3720 errepidearen Beizama eta Nuarbe arteko zatia zabaltzeko eta hobetzeko lanak hasi zituztela. Obrak egin ahal izateko, ostiraletik hurrengo asteazkenera bitartean errepidea itxi egingo dute. Ostiralean 14:00etan itxiko dute errepidea eta hilaren 18ra arte egongo da itxita, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Ondorioz, Bidania-Goiazko errepidetik egin beharko da autoz Azpeititik Beizamarako joan-etorria .

Urtarrilaren erdian hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-3720 errepidearen Beizama eta Nuarbe arteko zatiko obrak, errepidea zabaltzeko eta herrien arteko lotura hobetzeko. Lan denak bukatzeko hiru hilabete beharko dituzte eta 190.413 euroko aurrekontua dute.

Beizama eta Nuarbe arteko errepideko hiru zati ari dira zabaltzen: 0,7 eta 0,8 kilometroen arteko bide zuzena eta 2,350 eta 2,450 kilometroetako bihurguneak. Bide bazterrak janda, harri-lubeta txikiak eraikita edota betelanak eginda zabalduko dituzte errepide zati horiek. Behin lan horiek bukatutakoan, bidea egonkortzeko eta drainatzeko obrak hasiko dituzte, errepidea hobetzeko eta seguruago izateko helburuarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide