Azpeitiko EAJren udal taldeak adierazi du "sokamuturrarekin duen konpromisoa indartu" duela

Aitziber Arzallus 2026ko otsailaren 10a

Zezen txikiak Done Jakue kalean, 2022ko saninazioetan. (Mailo Oiarzabal)

Abenduan, Eusko Legebiltzarrak tramitera onartu zuen sustapen izaerako tradiziozko zezen ikuskizunak arautzeko EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako lege proposamena; hain zuzen ere, 16 urtetik beherakoentzako zezen ikuskizunak dira. Hiru urte dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horrelako ekitaldirik egin ez dutela, Eusko Jaurlaritzaren aginduz 2022ko abuztutik indarrean den etxeko animalien ongizatearen inguruko legeak debekatu egiten baitu animaliak tartean diren arautu gabeko ekitaldiak gauzatzea.

Azpeitiko EAJren udal taldeak oharra kaleratu du esanez, "sokamuturrarekin duen konpromisoa indartu" duela. "EAJren udal taldeak babesa adierazi nahi dio tokiko inauterietako tradizioetan adingabeen parte hartzea arautzeari, bereziki tradizioa den sokamuturrean. EAJk PSE-EErekin batera aurkeztutako ekimen bati egiten dio erreferentzia jeltzaleen oharrak, ekimen horren helburua honakoa dela zehaztuta: "Hain ezaguna den ekitaldi honetan parte hartzaile gazteenen segurtasuna bermatuko duen lege esparru bat ezartzea".

Hegoa Larzabal jeltzaleen bozeramailearen hitzetan, "EAJ hasieratik egon da konprometituta adingabeek sokamuturrean modu seguruan parte hartzearekin". Haren esanetan, "tradizio hori gure nortasun kulturalaren parte da, eta ezin da arriskuan jarri parte hartu nahi duten gazteak babesteko neurririk ez dagoelako". Larzabalek gaineratu duenez, "legedi honekin, gazteenen segurtasuna zaintzeaz gain, gure herriko ohitura historikoak modu arduratsuan bizirik mantentzea ziurtatzen ari gara. Segurtasuna arriskuan jarri gabe gure kultura ospatzea, lortu behar dugun oreka da, eta horretan lan egiteko prest gaude".

Azpeitiko EAJk "herri ospakizun guztietan segurtasuna babesteko konpromisoa" berretsi du, "gazteen parte hartzeak haien ongizatea eta tradizioa beti errespetatu behar" dituela defendatuta.

Abenduan Eusko Legebiltzarrak tramitera onartu zuen lege proposamen baten inguruan egin ditu adierazpen horiek EAJren Azpeitiko udal taldeak; hain zuzen ere, sustapen izaerako tradiziozko zezen ikuskizunak arautzeko EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztu zuten proposamenaren inguruan. Edonork ulertzeko moduan esanda, 16 urtetik beherakoentzako zezen ikuskizunak izango lirateke sustapen izaerako tradiziozko zezen ikuskizunak deitzen dieten horiek. Ia hiru urte dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gisa horretako ekitaldirik gauzatu ez dutela, Eusko Jaurlaritzaren aginduz 2022ko abuztutik indarrean den etxeko animalien ongizatearen inguruko legeak debekatu egiten baitu animaliak tartean diren arautu gabeko ekitaldiak egitea; eta hain justu, 16 urtetik beherakoentzako zezen ikuskizunak arautu gabe daude. 

EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako lege proposamena tramitera onartu zuen Eusko Legebiltzarrak abenduan, PPren eta Voxen aldeko bozkak jasota. EH Bildu abstenitu egin zen, eta Sumarrek kontra bozkatu zuen. 16 urtetik beherakoentzako zezen ikuskizunak arautzeko hainbat neurri jasotzen ditu EAJk eta PSE-EEk ondutako proposamen horrek. Horietako bat da 16 urtez azpikoek gurasoen idatzizko baimena behar izatea ekitaldietan parte hartzeko; 14 urtetik beherakoen kasuan, berriz, proposamena da helduek lagunduta parte hartu behar izatea. Animalien ongizatea ziurtatzeko neurriak ere jasotzen ditu; besteren artean, zehazten du 18 hilabete baino gutxiago izan beharko dituztela, debekatu egiten du haiei inolako minik eragitea, eta ezinbesteko jotzen du adarrak une oro babestuta izatea. Horiez gain, beharrezko jotzen du ekitaldi guztiek Jaurlaritzaren aurretiazko baimena behar izatea ere, beste hainbat neurriren artean.

Hain zuzen ere, gaur, gai hori izan dute hizpide Eusko Legebiltzarraren Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Batzordeak eskatuta, askotariko eragileek lege proposamenaren inguruko iritziak plazatu dituzte, eta hari ekarpenak ere egin dizkiote. Honako hauek parte hartu dute gaurko saioan: ENBAko Xabier Iraolak, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoko Elena Ayarzak, Sokamuturra Ez elkarteko Nerea Landak eta Jose Luis Azpiazuk, Avatmako Maria Manglano Pintok, Leongo Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko irakasle Enrique Javier Diez Gutierrezek, Euskal Zezenzale Elkarteko Aitor Calvo Romerok, Franz Weber fundazioko Ruben Perez Sueirasek eta CoPPA Abusuak Prebenitzeko Profesionalen Koordinakundeko Maria Gonzalez Lacabexek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide