Atzo, asteazkena, Eibarren (Gipuzkoa) aurkeztu zuten txirrindularien 2026ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbide ofiziala. Txirrindulariek probaren bosgarren etapan zeharkatuko dute Azpeitia. Eibarren hasi eta Eibarren amaituko da lasterketa, eta bidean 176,2 kilometroko eta 3.841 metroko malda positiboa egin beharko dute. Hain justu, apirilaren 10ean jokatuko duten etapa izango da aurtengo aldiko garrantzitsuena –hura izendatu dute etapa erreginatzat–.
Egun horretan, Azkoitia aldetik iritsiko dira txirrindulariak Azpeitira. Herrian zenbait kilometro eginda, Errezil aldera hartuko dute txirrindulariek; izan ere, Etumeta gaina (3. maila) egin beharko dute kirolariek egun horretan. Segidan, Aizarna, Iraeta eta Arroabea lotuko dituzte txirrindulariek. Eskualdea utzita, Itziar aldera joko dute, Eibarren izango duten helmugarako bidea hartzeko.
Hurrengo egunean jokatuko dute probaren azken etapa, seigarrena. Antzuolan (Gipuzkoa) hasi eta Bergaran (Gipuzkoa) amaituko dute txirrindulariek 133,7 kilometroko etapa; 3.000 metroko malda positiboari egin beharko diote aurre kirolariek; guztira, sei mendate igo beharko dituzte: Asentzio (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Asentzio (2. maila). Hori hala, birritan igaroko dira txirrindulariak Elosutik, Azkaratetik eta herrigunetik.
Hona hemen bi etapen profilak:

