Inauteriak 2026

Baratxuri zopa, zopa-zopa egindakoentzat

Aitziber Arzallus 2026ko otsailaren 12a

Jexux Mari Arakistain (eskuinean) eta haren zenbait lagun Azoka Plazan, baratxuri zopa prestatzen. (Utzitakoa)

Astearte goizean, urteko kalejirarik jendetsuenaren aurretik, baratxuri zopa jana egiten dute Azoka Plazan. Lagun talde batek prestatzen du, herri guztiarentzat. Duela lau urte hasi ziren horretan, eta ziurtatu dute urtetik urtera arrakasta handiagoa duela ekimenak. Nahi duten denei asteartean 05:00etan Azoka Plazara bertaratzeko deia egin diete, garai horretan baratxuri zopa platerkada batek gaitz guztiak sendatzen dituelako. 

Hemen dira karnabalak, azpeitiarren festarik maiteenak, baina, aldi berean, baita exijenteenak ere. Igande eguerdian hasi eta asteartean gorputzak kito esan arte, kalean ordu asko pasatzea eta parrandan ordu asko sartzea eskatzen dute. Eta horretarako, ezinbestekoa da, tartean behin, indarrak berreskuratzeko mokadutxo bat egitea. Adibidez, asteartean, urteko kalejirarik jendetsuenaren aurretik, Azoka Plazan izaten da horretarako aukera. Lagun talde batek herri guztiarentzat baratxuri zopa prestatzen du han, garai horretan platerkada bat baratxuri zopa jateak gaitz guztiak senda ditzakeela sinetsita. Duela lau urte hasi ziren horretan, eta urtetik urtera arrakasta handiagoa duela ziurtatu dute.

Jexux Mari Arakistain da baratxuri zopa prestatzen duten lagun taldeko kideetako bat. "Astelehen Karnabalean hamabost bat laguneko taldea elkartu ohi gara, eta Inpernura joaten gara Juanito Azpeitiak prestatzen digun afaria jatera. Denetariko jendea izaten gara, zaharrak, gazteak... apuntatzen garenak, eta afalostean parrandara ateratzen gara. Lehen, ohitura genuen 05:00-06:00 aldera atzera soziedadera joateko, Juanitok baratxuri zopa prestatzen zigulako".

Euren arteko ohitura zena herrira zabaltzea pentsatu zuten duela urte batzuk. "2022a izango zen, eta geure artean hizketan ari ginela, norbaitek proposamena bota zuen: 'Eta herri guztiarentzako baratxuri zopa egiten badugu zer?'. Baratxuri zopak, berez, ez du lan handirik, eta aurrez pixka bat antolatuz gero, erraz egin daiteke".

Mikel Odriozola Festa batzordeburuari bota zioten proposamena: "Materiala jartzen baziguten, gu prest geundela eskulana jartzeko eta herri guztiarentzat baratxuri zopa prestatzeko. Inolako oztoporik ez zigun jarri hark, eta hurrengo karnabaletan, 2023koetan, prestatu genuen aurreneko aldiz". Harrezkero, festetako egitarauaren parte da baratxuri zopa jana, asteartean, 05:00etan, Azoka Plazan.

Hasi zirenetik laugarren urtea izango dute aurtengoa, baina baratxuri zopa prestatzen duten hirugarren aldia, duela bi urte, udalak karnabaletako egitaraua bertan behera utzi zuenez, zoparik prestatzerik ere ez zutelako izan. "Lanak aurreratuta genituen ordurako, eta gehiena bota egin behar izan genuen".

Iaz, 200 bat lagun bai

Arakistainen esanetan, gaur egungo gazte askok baratxuri zopa zer den ere ez dakite, edo justu-justu dakite. "Gazteak probatzera animatzen ditugu, garai horretan baratxuri zopa jateak sendatu egiten duela esanez. Probatzen dutenek ez dute kontrakorik esaten, eta onena, urte batean izan direnak bueltatu egiten direla hurrengoan".  

Denetariko jendea joaten zaie Azoka Plazara. "Batzuek etxerako bidean egiten dute sartu-irtena, eta hala, sabela beteta erretiratzen dira. Beste batzuentzat indarrak berreskuratzeko geldialditxoa izaten da". Ez dakite zehazten zenbat lagunek probatu duten euren baratxuri zopa, sekula kontatu ez dituztelako, baina iaz, gutxi gorabehera, 200 lagun izango zirela kalkulatu dute. Aurten badute zenbatzeko asmoa, eta baita datozen urteetan ere, aurreikuspenak egiten joateko. "Gure irudipena da geroz eta jende gehiago etortzen dela, baina zenbakiek erakutsiko digute hori. Gainera, urtez urte kopurua handituz doala ikusteak emango liguke halako poz bat".

Aurrelanak egiteko astelehenean gelditzen dira, 11:00etan, zortzi-hamar bat lagun. Material guztia Azoka Plazara eramaten dute, eta aurreratu daitezkeenak aurreratuta uzten dituzte. Izan ere, ez pentsa hurrengo goizean baratxuri zopa prestatu behar dutelako astelehenean lehenago erretiratzen direnik. Astelehen eguerdirako mozorrotuta ateratzen dira kalera, eta artean mozorroak soinean dituztela prestatzen eta banatzen dute baratxuri zopa. "Gustura jarduten gara, geure artean zein Azoka Plazara etortzen direnen artean giro polita sortzen baita". Arrimatzen zaizkien guztiei nahikoa baratxuri zopa eman ostean, dena jaso eta txukun-txukun lagatzen dute. "Eta hortik aurrera, bakoitzak nahi duena edo ahal duena egiten du, batzuk etxera joaten dira, beste batzuk atzera kalera, azkenak ematera". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide