Klik!

Kameradun ehiztariak

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 9a

Umetan elkartu zituen zaletasunari eusten diote Markel Aldalurrek eta Xuban Mujikak: animalia basatiak behatzen dituzte, basoetan eta mendietan kamera bereziak jarrita. Izarraitz magaleko basurdeak zein Pirinioetako hartzak, denetarikoak igaro dira haien kameren aurretik. Otsaileko Azpeitia Guka aldizkariaren Klik! ataleko erreportajean ikus daitezke horietako batzuk.

Bi lagun, zaletasun bat

11 bat urte zituztela hasi ziren Xuban Mujika (Azpeitia, 2007) eta Markel Aldalur (Azpeitia, 2007) –goiko argazkian, ezker-eskubi– animalia basatiak beren ingurunean zelatatzeko kamerak mendian ezkutatzen. Izarraitzen magalean, Aldalurren baserri inguruan azkonarren bat ote zebilen entzunda hasi ziren horretan; lehen kamera erosi, eta inguru hartan jarri zuten. "Hasieran, basurderen bat grabatzen genuenean kristoren ilusioa egiten zigun", diote. Basurdeak, azeriak, orkatzak, katajinetak, lepazuriak... 'ehizatu' izan dituzte Azpeitia inguruetako basoetan.

Otsoa, zaila bezain berezia

Zazpi urte eta gero, etxe bueltan ez ezik, Iberiar penintsulan zehar izan dute animalia gehiago zelatatzeko eta irudietan jasotzeko aukera; goiko irudiko otso iberiarra, esaterako, Palentziako (Espainia) mendietan 'harrapatu' zuten. Otsoak ondo grabatzea "oso zaila" dela kontatu dute azpeitiarrek, "beti trostan ibiltzen dira, eta oso zaila da kamera aurrean pausatzea". Espainiako Estatuan otsoarekin gertatzen ari den "ankerkeria" salatu nahi dute, bide batez: "Espezie kaltebera gisa izendatu dute baina, era berean, Kantabrian eta Asturiasen batidak baimentzen dituzte. Lotsagarria da, erabat, halako egoera ahulean dagoen animalia garrantzitsu batekin horrela jokatzea, zientzia baztertuta".

Argazkiak ere bai

Bailaratik kanpora bidaiatzen hasi aurretik, Izarraizpetik Beizamara egin zuten jauzia bi lagunek, artean gaztetxoak zirela. "Beizama aldean basakatua grabatzeko aukera izan genezakeela jakin genuen, probatzea erabaki genuen, eta lehenengoan lortu genuen basakatuaren irudiak jasotzea. Bultzada handia izan zen hura, zaletasun honetan gehiago murgiltzeko". Irudiko orkatza ere Beizaman ikusi zuten. "Basoan genbiltzan goiz batean, begira-begira gelditu zitzaigun". Egunez eta "argi onarekin", argazkia atera zioten.

Hartza, sari nagusia

Aldalurrek eta Mujikak orain arte zapaldu dituzten parajeetan beha daitekeen animaliarik handiena eta preziatuena da hartz harrea, eta azpeitiarrentzat benetako "ilusioa" izan da hartzak grabatzea lortzea, otsoak bezala. Otsoekin gertatzen den bezala, hartzak agertzen diren leku urrietan haien kontrako jarrerak eta joerak agertzen dira, eta azpeitiarrek ezin dituzte halakoak ulertu. "Osos no, Irati bizirik pintaketa ikusi genuen Iratira joan ginen batean. Elkarri begira gelditu ginen. Irati bizirik mantentzea zer da ba? Zerbaitek bizitza adierazten badu, hartza da hori". Gizakien, etxeko abereen eta animalia basati handion arteko "elkarbizitza posiblea" dela sutsuki defendatzen dute behatzaile gazteek, "behar diren eta funtzionatzen dutela frogatuta dagoen neurriak ezarrita".

Oreina elurretan

Palentziako mendietan egindako egonaldiak oparoak izan ohi dira azpeitiarrentzat. Goiko orein arra ere hangoa da. Hartza edo otsoa ez bezala, orein "ugari" grabatzen dituzte Mujikak eta Aldalurrek jarritako kamerek. Argazkikoa bezain dotore eta elurretan ez beti, ordea. "Arrak ikusgarriagoak dira, beti ere, adar handiengatik", zehaztu dute azpeitiarrek.

Basakatua

Urteak igaro dira Beizaman lehen basakatu hura irudietan jaso zutenetik. Aurreneko hark piztu zien "ilusio berezia" gogoan, bi azpeitiarrek bereziki gustuko duten piztietako bat da basakatua. Beizamakoaz geroztik beste mordoska bat igaro dira haien kamera aurretik, Palentzian goiz batean ikusi zuten goikoaren antzekoak: "Inguru haietan zelaietara irteten dira basakatuak eta, zain egon ezkero, aukera izaten da haiek ikusteko".

Hegaztiak ere bai

Animaliazaleak dira, ororen gainetik, Aldalur eta Mujika. Horrela, lur gainean mugitzen diren piztien irudiak jasotzeko basoetan-eta kamerak jartzeaz gain, burua altxatuta ere ibiltzen dira, hegaztiak behatzea ere gustuko baitute: "Habiak, umealdiak... argazkitan jasotzea gustatzen zaigu". Goiko argazkia Arana kalean atera zuten: urubi bat baranda baten gainean, behatzaileei adi-adi so, atzapar batekin sagua harrapatuta duela.

Azkonarraren etxetzarra

Azkonar baten zelatan hasi ziren beren zaletasuna jorratzen Aldalur eta Mujika. Hasierako hura bezala, duela urtebete inguru grabatu zuten hau ere Izarraizpean atzeman zuten, bere etxetzarraren atarian. Izan ere, azkonarrek "sekulako etxeak" eraikitzen dituztela kontatu dute behatzaileek. "Egunez grabatzeko zaila da azkonarra, oso gautarra delako. Zuloz zulo, kristoren etxetzarra dute eginda, eta haren atarian grabatu genuen hau".

Materiala prest

Tranpa-kamera izenarekin ezagutzen dira azpeitiarrek erabiltzen dituzten kamera bereziak. Joaten diren tokietan, zer animalia eta nondik ibiltzen diren behatu ondoren, irudiak jasotzeko egokienak izan daitezkeen tokietan jartzen dituzte kamerak. Egunetan eduki ditzakete kamerak toki berean. "Orduak eta orduak" grabatzen dituzte, kameren sentsoreek "mugimendu txikienak ere" antzematen baitituzte; etxean pasatzen dituzte irudiak bahetik. Materialarekin esperientzia txarrak ere izan dituzte: Nafarroako Pirinioan hartzak behatzeko zortzi kamera jarri, eta bost 'desagertu' zitzaizkien. "Sekulako dirutza".

Goiko argazkian, "duela urtebete edo bi" Arabako Arkamu-Gibixoko mendilerrora eraman zuten materiala.

Kanpoko aberastasuna eta etxeko herrena

Euskal Herrian eta Espainian ibili izan dira orain arte Aldalur eta Mujika beren kamerekin. Aipatutako Palentziako mendietan, Asturiasen –argazkia Somiedoko mendietan ateratakoa da–, Pirinioetan... Faunaz eta naturaz gozatzen dute irteera bakoitzean. Etxeko parajeak eta bioaniztasuna kanpokoekin alderatzeko balio diete, besteak beste, bidaiok, eta etxekoa galtzaile izaten dute gehienetan. Urola inguruko ekosistemen egoera "tamalgarria" dela deritzote, eta ez dute kezkarik edo interesik sumatzen hori aldatzeko: "Ikusi dugu eolikoak mendietan jartzearen kontra nola mugitu den jendea, baina ez dugu interes bera ikusten gure ingurunea orokorrean hobetzeko".

Harra elikatzen

Bat herritik kanpo ikasten eta bestea lanean hasita, elkarrekin egoteko eta partekatzen duten zaletasuna elikatzeko asti gutxiago dute gaur egun bi lagunek, baina asmatzen dute tartea topatzen; asteburuetan, jaiegunetan zein oporretan, "gehien gustatzen" zaien zaletasunaz gozatzen jarraitzen dute Mujikak eta Aldalurrek, baita aurrera begirako planak irudikatzen ere. Hasieran Youtuben ireki zuten kanala itxi zuten aspaldi, baina beste sare sozialetan "zerbait" egitea dute asmoen artean. Kamerekin 'ehizatu' gabeko animalia batzuk ere gelditzen zaizkie: basoilarra eta katamotza, esaterako.

Zaletasun bera partekatzen duten beren adineko lagunik ez dute inguruan, baina bai helduagoak, eta horiekin ere egin izan dituzte txangoak. Goiko argazkia, esaterako, Roman Azkuek atera zien, Nafarroako Pirinioetara elkarrekin egin zuten irteera batean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide