Inauteriak 2026

Aterpean hasiko dute karnabaletako egitaraua

Mailo Oiarzabal

Euskal Inauterien iazko kalejiran hartutako irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Euskal Inauterien jaialdia Izarraitz pilotalekuan egingo dute aurten Ikasberri ikastolakoek, kalejirarik gabe. Gauean, berriz, dantzarako gogoz direnek hitzordua dute Sanagustinen bandakoekin eta haien guatekearekin.

Lehor eta bero konturik ez da izango aurten karnabaletan. Ez, behintzat, iragarpenak betetzen badira. Esaterako, gaur arratsalde-iluntze partean euri dezente egitea espero da, eta horrek zuzen-zuzenean eragingo du 2026ko Azpeitiko karnabalen egitarauko lehen hitzordu ofiziala.

Izan ere, iragarritako zaparradetatik babes bila, Izarraitz pilotalekuan ospatuko du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik Euskal Inauterien aurtengo jaialdia, eta herriko Alde Zahar ia osoa zeharkatu ohi duen kalejirarik ez dute egingo. 18:30ean hasiko da festa Izarraitzen.

Kontrara, hasierako planak aldatu beharrik ez du izango Udal Musika Bandak, eta iragarritako guatekea eskainiko du Sanagustin kulturgunean (22:30), karnabalak dantzan hasi nahi dituzten guztientzat.

Bihar atseden hartuta, Jai Karnabalean itzuliko da inaute izpiritua Azpeitiko kaleetara.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide