Euskal inauterietako jaialdia aterpean egin behar izan dute aurtengoan Ikasberri ikastolako ikasleek, irakasleek, gurasoek eta ikasle ohiek. Atzo arratsaldean euria zarra-zarra ari zuelako, kalean egin beharrean Izarraitz pilotalekura lekualdatu zuten inauterien aurreko ostiralean ohiko bilakatu den jaialdi koloretsua.
Euskal Herriko hainbat txokotako mozorroak jantzi zituzten Ikasberriko ikasleek soinean: joaldunak, kotilungorriak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, txatxoak, zirtzilak erraldoiak, Mielotxin eta Ziripot... Mozorro horiek soinean, mailaz maila eta taldez talde hainbat dantza eskaini zituzten Izarraitz pilotalekuan bildutakoen aurrean.