Asteburua oker joan da ISBrentzat. Nola gizonen Biele ISBk, hala emakumeen Domusa Teknik ISBk, galdu egin dituzte asteburuko demak. Iñigo Nuñezek zuzentzen duen Biele ISBk Coto Cordoba CB arerio zuzenaren etxean jokatu zuen atzo, igandea, eta azken unean jasotako hiruko saskiratze baten erruz galdu zuten otsoek (66-63). Palman (Herrialde Katalanak) aritu ziren herenegun, bestalde, Domusa Teknik ISBkoak, sailkapenean liderra den Azulmarino Mallorca Palma taldearen etxean, eta astindu handia hartu zuten otsoek; 92-53 galdu zuten Luis Agirrerenek.
Cordoban (Espainia) pare-pareko lehia jokatu zuten Biele ISBkoek. Garrantzia handiko dema zen sailkapeneko goiko postuei begira, baina ISBk kale egin zuen. Neurketa astuna jokatu zuten Cordobakoek eta Azkoiti-Azpeitikoek, baina, era berean, ez zitzaion falta izan zirrararik. Partidaren hasiera ona egin zuen Biele ISBk; atsedenaldira arte Nuñezenek agindu zuten jokoan, otsoen erritmora aritu ziren jokoan bi taldeak; izan ere, erasoan etxekoak baino finago azaldu zen ISB, eta defentsan ere sendoago. Cordobakoek zalantza ugari erakutsi zituzten jokoa garatzeko, eta huts bat baino gehiago egin zuten.
Nolanahi ere, atsedenaldira arte lehor jo zuen partidak; 21-25 ageri zen markagailuan aurreneko hogei minutuak jokatu eta gero. ISBk eroso aurkitu zuen bere burua jokoan, eta etxekoei aldaketa baten beharra sumatzen zitzaien. Hain justu, aldageletara joan-etorria egin ostean lortu zuten haiek lehia iraultzea. Defentsan erritmoa sendotu zuten etxekoek, eta erasoan ere bide bat baino gehiago aurkitu zituzten puntuak gehitzeko. Hala lortu zuten Cordobakoek aurrenekoz markagailuan aurrea hartzea.
Azken laurdenaren hasieran okertu zitzaion Biele ISBri dema, eta akaso, aurreneko minutu horietan jasandako kaltearen ondorioz egin zion ihes partidak gerora. Etxekoek urrats bat egin zuten aurrera, eta hiruko lerrotik ziztada zorrotzak eman zizkion geroz eta ahulagoa zen Azkoiti-Azpeitiko taldeari; hamahiru puntura ere ihes egin zuten une batez Cordobakoek (59-46). Ordea, amaierara hauspo onarekin iritsi ziren Nuñezenak, eta erreakzionatzeko gai izan ziren otsoak. Markagailua estutu zuen ISBk, eta etxekoak urduri jarri.
Biele ISBk egoera irauliko zuen traza hartu zuen partidak, baina, ez. Neurketa amaitzeko segundo gutxiren faltan, hiruko lerrotik asmatu zuten etxekoek; 6,75 metrotatik jaso zuen ISBk azken danbatekoa. Saskiratze mingarri hura jaso eta gero otsoek azken baloi jabetza izan zuten hiruko bat lortuta partida luzapenera eramateko, baina baloiak ez zuen saski barrura sartu nahi izan. Amaieran, 66-63, eta puntua etxekoentzat.
ISBko Nazir Williams eta Pape Badji nabarmendu ziren atzo Cordoban. Bi jokalariek 15 puntuko balorazioa eskuratu zuten; Williamsek 20 puntu saskiratu zituen, eta Badjik hamar puntu eta zortzi errebote pilatu, besteak beste. Biele ISBk laugarren postuan jarraituko du beste aste batez, baina, orain, bi garaipenetara ditu sailkapeneko lehen sailkatuak –tartean da Coto Cordoba CB–. Datorren igandean, hilak 22, Caceres Patrimonio de la Humanidad taldearen aurka jokatuko dute ISBko gizonek; 18:00etan hasiko da partida hori Azkoitiko Elkargunean.
Ezin menderatu liderra
Domusa Teknik ISBk, bestalde, ezer gutxi egin ahal izan zuen Azulmarino Mallorca Palma liderraren etxean; 92-53 galdu zuten Luis Agirrerenek. Etxeko taldeak hasiera-hasieratik ezarri zuen bere erritmoa kantxan. Nagusi direla erakutsi zuten bai erasoan, bai defentsan, eta bide batez, agerian utzi zuten zergatik den LF Challenge ligako liderra. Hogei partida jokatuta, hemeretzi partida irabazi dituzte sasoi honetan Palmakoek (Herrialde Katalanak), eta bakarra galdu.
Hasiera hasieratik garbi erakutsi zituzten etxekoek beren asmoak. Liderrek defentsan presioa bizia eta koordinatua egin zuten, eta otsoek baloi bat baino gehiago galdu zituzten hala, Palmakoei kontraerasora irteteko ate guztiak irekiz. Bost minutu eskasetan, 15-2 ziren aurretik liderrak, eta laurdenaren amaieran, 29-7ra eraman zuten aldea. Bigarren laurdenean, otsoek erreakzionatu egin zuten, eta lehen laurdenean baino txukunago aritu ziren erasoan. Jaurtiketak egiteko posizio hobeak aurkitu zituzten ISBkoek, eta saskiratzeak errazago lortu zituzten. Puntuak elkarbanatu zituzten zenbait minutuz bi taldeek, baina etxekoek lasaitasunez eta eraginkortasunez jarraitu zuten lanean, momentu oro erantzun bat emanez. Hiruko lerrotik lortutako saskiratzeei esker, gainera, ISBren saiakerak antzu utzi zituzten etxekoek.
Aldageletatik igaro ondoren, puntuak garesti aurkitu zituzten bi taldeek. Ordea, liderrek laster aurkitu zuten aurrera egiteko bidea, kantxan taktikoki hobetuta. Baloia azkar mugituz, Azulmarino Mallorca Palmak ISBren defentsako sarea hautsi zuen. Azken laurdena jokatzeko zela, 70-40 ziren nagusi sailkapeneko liderrak. Gainera, azken hamar minutuetan partidako gidoiak lehengoari eutsi zion; ez zen ezer aldatu. Etxekoek errebotean gehiago izaten jarraitu zuten, partida une oro kontrolpean izatea bermatuz.
Azkenean, 92-53 amaitu zen partida. Skylar Van nabarmendu zen otsoen artean; bederatzi puntu saskiratu zituen pibotak, eta 11 puntuko balorazioa eskuratu zuen. Datorren zapatuan, etxean jokatuko dute Domusa Teknik ISBkoek; Recoletas Zamora taldearen bisita jasoko dute Azkoitiko Elkargunean (18:00). Play-off postuetan sartzeko borrokan, garrantzia handiko lehia jokatuko dute Agirrerenek beren zaleen aurrean.