Euririk egin ez balu bezala atera ziren azpeitiarrak atzo arratsalde-iluntzean kalera, nahiz eta ia etenik gabe eta erruz bota zuen. Saninazioetako prozesioa, Hementxe merkatari elkartea, sagardotegia, Disneyland Paris, garbitokia, Baigerako bingoa... irudimena erabilita prestatutako mozorroak eta trasteak atera zituzten beste behin herritarrek kalera, eta rol horietan buru-belarri sartuta aritu ziren ikuskizuna emanez.
Lehen aldiz, gainera, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak antolatuta, elkartasun kalejira satirikoa egin zuten atzo. Kuadrilla ugarik parte hartu zuen ekimenean, eta kalejira abiatu aurretik, sekulako giroa sortu zen Frontoi Txikian, kuadrilla guztiak elkartu ziren tokian.
Iluntzean, sokamuturraren ostean, txaranga ibili zen kalez kale, eta DJ emanaldiak Sanagustin kulturgunean egin zituzten. Giro bikaina izan zen han ere, herritar ugari joan baitziren kulturgunera aterpe hartzera eta dantza egitera.
Mozorro ikusgarrienak, sarituta
Udalak, ohiko moduan, mozorro lehiaketako sariak banatu zituen gauean, 23:00etan hasita. Sanagustin kulturgunean egin zuten ekitaldia, eguraldia tarteko, baina giro bikaina izan zen han ere. Banakako hiru sari banatu zituzten: lehena Duo Dinamikoak jaso zuen –200 euro jaso zituen–, bigarrena Pegi eta Gustavok –150 euro– eta hirugarrena Lady Gagak –100 euro–.
Taldekako bost sari ere banatu zituzten: saninazioetako prozesioa izan zen garailea –900 euro eskuratu zituen kuadrilla horrek–, Alberga bigarrena –750 euro– eta hirugarrena Hementxe merkatari elkartea –550 euro–. Bi laugarren sari banatu zituen, gainera, udalak: 350na euro eskuratu zituzten Vespak taldeak eta Baigerako bingo taldeak.