Benetakoa zein suzkoa, zezena izan da Astearte Karnabal arratsalde-iluntzean kaleko errege bakar. Hortik aparte zerbait egin nahi zutenek, zinema izan dute aukeran Soreasun, baina gainerakoan, karnabaletako azken sokamuturrak bete ditu jaietako azken ordu gehienak.
Atzo ez bezala, bazkalondotik aurrera ateri eutsi dio eta zezenzaleek sokamuturraren ibilbideko zirrikitu guztiak bete dituzte. Euririk ez, baina zorua labainkor zegoen, ordea; Lopene ganadutegiko abereek nahikoa lan izan dute zutik mantentzen, eta haien aurrera gerturatu diren bi hankakoek ere bai.
Erik Etxeberria eta Jagoba Labaka sokamutilek, berriz, azken irteera egin dute sokalagunekin. Eta guztien artean atera dute, Erdikalean gora plazaraino, sokamuturra bukatu bezain pronto, aurten ere festak agurtzeko balio izan duen suzko zezena. Irulitxa txarangakoek ireki diote idea suzko zezenaren segizio jendetsuari, eta haren azken txinpartak itzalita, plazako kioskoan jo dituzte musikariek karnabaletako azken doinuak.
Datorren urtean, gehiago.