Kai Rezabal: "Gimnasioek ere denontzako espazioak izan behar dute"

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 20a

Kai Rezabal Azpeitiko Emakumeen Txokoaren aurrean. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Emakumeen Txokoak emakumeentzako eta LGTBIQ+ pertsonentzako Jabetze Eskolak antolatu ditu udaberriko eskaintzaren barruan. Entrenamendu inklusiboen ikastaroa Kai Rezabalek gidatuta da, otsailaren hasieran hasi zituzten saioak eta martxoaren 27ra arte dira.

Entrenamendu inklusiboaren ikastaroa ematen ari da Kai Rezabal (Azpeitia, 2001), Azpeitiko Emakumeen Txokoak emakumeentzat eta LGTBIQ+ pertsonentzat udaberrirako antolatutako Jabetze Eskolen barruan. Hilaren hasieran hasi zuten ikastaroa, eta martxoaren 27ra artekoa da. Saioak igerilekuko gimnasioan egiten dituzte, ostiraletan, 17:00etatik 18:00etara. Rezabalek Fitness, Nutrition and Health (Fitnessa, Nutrizioa eta Osasuna) ikasketak eginda ditu Eskozian, eta gidatzen ari den tailerrak "esperientzia hartzeko" eta berak ere "gauza asko ikasteko" balio diola dio. Ikastaroa hasita baldin badago ere, izena emateko tokia badago.

Emakumeentzat eta LGTBIQ+ pertsonentzat Jabetze Eskolak antolatu dituzte aurten aurrenekoz Azpeitian. Garrantzitsua al da eskaintza hori ere izatea?

Bai. Iruditzen zait Emakumeen Txokoak eskura jartzen dituen baliabide asko ez direla beste inon eskaintzen, eta horrek balio handia ematen dio zerbitzuari.

Jabetze Eskoletan, entrenamendu inklusiboaren ikastaroa gidatzen ari zara. Zer da entrenamendu inklusiboa?

Ikastaroari entrenamendu inklusiboa izena jarri nion, betiko entrenamendu modua ez dela ulertarazteko. Era askotako pertsonak barnebiltzen dituen entrenamendua da; azken batean, pertsona bakoitzera moldatzen dena. Inklusiboa izanda, fisikoki muga batzuk izan ditzaketen pertsonentzako, emakumeentzako eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonentzako pentsatutako saioak dira. Muskulazioari edota gorputzaren gurtzari begirako saioak baino gehiago, entrenamendu funtzionalak dira; alegia, ez dira abilidade zehatz batzuk lantzeko edota gorputz jakin bat edukitzeko egindakoak. Oinarrizko ariketa batzuk egiten ditugu, eta horiek bakoitzaren beharretara molda daitezke. Entrenamendu saioa prestatzerakoan ziurtatzen dut ariketa denak direla moldagarriak; adibidez, taldean egon daiteke norbait ebakuntza izan duelako mina duena gorputzaren atalen batean, eta pertsona horrek ere ariketa egitea daukala ziurtatzen dut.

Hainbat ariketarekin osatutako zirkuituak egiten ditugu entrenamendu saioetan, eta pertsona bakoitzari aukera ematen diot ariketa horiek zailtasun maila desberdinetan egiten saiatzeko, bere puntua zein den deskubritzeko. Ikastarora datozenei behin eta berriz nabarmentzen diet ez dagoela besteekin zertan konparatu, garrantzitsuena norberak aurrera egitea dela.

Otsailaren hasieran hasi zenuten ikastaroa. Honezkero martxa pixka bat hartuko zenuten, ezta?

Bai, hirugarren saioa egingo dugu aste honetan [gaur], eta oso ondo ari gara. Lehenengo saioa pixka bat esploratzeko izan zen, ikastarora datozenek gimnasioan esperientziarik ez dutelako edota, esperientzia edukita ere, ariketei neurria hartzeko. Bigarren saioan egokituago ikusi nituen partaideak, eta hirugarren saioa askoz hobeto joango da.

Zer helburu lortu nahiko zenituzke ikastaroarekin?

Ikastaroan parte hartzen ari diren pertsonei aukera eman nahi nieke beren burua erresistentzia entrenamenduan integratzeko. Muskulazioa ez da justu emakumeei eta LGTBIQ+ pertsonei erakargarria egiten zaiena, baina denok ditugu giharrak, behar ditugu funtzionatzeko, eta nire helburua da ikastaroa egiten duten pertsonei atea irekitzea ariketa egiteko eta erresistentzia entrenamenduekin muskulua lantzen hasteko. Agian, gutxieneko ezagutzarekin eta oinarri batekin, erosoago sentituko dira beraien kasa ginmasiora joaten hasteko, edota taldetxo bat osatuko dute elkarrekin ariketa fisikoa egitera joateko. Pertsona asko lehenengo aldiz gimnasiora joandakoan lekuz kanpo sentitzen dira, ez dakitelako nondik hasi behar duten, bertan dagoen giroagatik eta. Entrenamendu saio hauetara datozenei inguru seguru batean esploratzen eta ikasten laguntzea nahi dut, oinarri bat dutenean beren kasa egin dezaten.

Inguru seguruan eta zainduan aritzen zaretela diozu. Nola egiten da hori?

Ez da erraza hori, pertsona bakoitza mundu bat delako eta bakoitzak bere motxila duelako. Beraz, zaila da denentzako inguru bat egotea; esaterako, entrenamendu inklusiboa egiten dugun lekuan ispiluak daude, eta pertsona batzuek ispiluekin harreman zaila dute. Horregatik, ispiluari bizkarra emanda ariketak egiteko aukera ematen diet pertsona horiei, agian, era horretan, erosoago sentituko direlako. Entrenamendu saio bat antolatzerakoan beti pentsatu behar da zeini zuzendutakoa den, pertsona horientzako inguru seguruagoa izateko. Lehen pausoa entrenamendu saiora joaten diren pertsonak elkarrekin seguru sentitzea da; emakumeak eta LGTBIQ+ pertsonak, beraiek bakarrik daudela, seguruago sentitzen dira. Entrenatzaileak bere jarrera zaindu egin behar du: ikastarora doazenak ongietorriak sentiarazi behar ditu, eta prest azaldu behar du haien beharretara moldatzeko –eta ez alderantziz–. Niretzako ere erronka da hori guztia, eta saiatzen naiz pertsona guztientzako leku erosoa izan dadin, baina, alde horretatik, neuk ere asko dut ikasteko. Beraz, ni neu ere irakatsiz ikasten ari naiz.

Gimnasiora joatea moda-modan dago, ezta?

Pandemiaz geroztik, gimnasiora joateko kultura oso modan jarri da. 16 urterekin hasi nintzen ni gimnasioan, baina orduan ez zen gaur egun bezain popularra; uste dut gimnasiora joaten zen gelako bakarra ni nintzela, eta han sartuta egoten ginenak arraroak ginen. Gaur egun, kantitatez jende gehiago joaten da gimnasiora, eta hara doazen pertsonen asmoak ere aldatu egin dira; era askotako jendea joaten da gimnasiora. Dena den, oraindik ere halako giro bat nabarmena da. Hau da, gimnasiora aurrenekoz sartzen den pertsona batek giroaz egingo lukeen deskribapenean zera esango luke: gehiengoa gizona dela, pisuak altxatzerakoan orroak ateratzen dituztela edota pisuak makinen gainean uzteko orduan zarata ateratzen dutela. Oraindik ere giro horrek segitzen du nabarmentzen; hala ere, ezin da esan beste alde bat ez dagoenik.

Beraz, pertsona guztientzako espazio erosoak izateko zer egin badago, ala?

Bada kolektibo bat iraganean kirolean izandako bizipenengatik –justu nire kasua ez da, baina bai beste pertsona batzuena–, kirolaren ingurua deserosoa egin zaiona. LGTBIQ+ pertsonek, txikitan eskolan eta kirolaren bueltan, biolentzia mota ugari jasan izan dituzte, eta behin helduak direnean, askotan ez dira oso ongietorriak sentitzen kirol inguruetan. Kiroldegiek eta gimnasioek ere denontzako espazioak izan behar dute, osasunak ez duelako pertsona batzuentzako bakarrik izan behar. Nik kolektibokoei kirol eta entrenamendu munduan murgiltzen laguntzeko ahalegina egingo dut, Emakumeen Txokoak emandako aukerari esker.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide