Elikagaien kontsumoaren eta hondakinen sorreraren arteko lotura oinarri hartuta, familiei zuzendutako tailerra eskainiko du Ekoetxean Aitziber Aizpuruk gaur zortzi, otsailaren 28an, 10:30etik 12:30era. 8 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute.
Elikagaien hondakinak: ekoizpenetik etxeko sukaldera izenburua jarri diote nutrizionista azpeitiarrak datorren zapatuan eskainiko duen saioari. Elikagaiak ekoizteko moduak; zer elikagai, non eta nola erosi; eta etxean elikagaiak nola prestatu, kontsumitu edota kontserbatu, kate osoak du eragina hondakin gehiago edo gutxiago sortzerakoan. Horren gaineko azalpenak emango ditu Aizpuruk, elikagaien kontsumoarekin hondakin ahalik eta gutxien sortzeko adibideak eta aholkuak ematearekin batera.
Ekoetxean familiei zuzenduta antolatzen dituzten esperientzia guztiak bezala, otsailaren 28koa ere doako saioa izango da, baina tokia aurrez gorde behar da. Beraz, Elikagaien hondakinak: ekoizpenetik etxeko sukaldera tailerrean parte hartu nahi dutenek Ekoetxeko webgunean eman behar dute izena.