Eskualdeko hainbat kide, Pilota Egokituko XVI. Gipuzkoako Txapelketari ekiteko pronto

Maialen Etxaniz 2026ko otsailaren 20a

Orotara, 33 pilotari lehiatuko dira txapelketan: 27 adimen urritasuneko kategorian eta sei gurpildun aulkikoan. Eskualdeko hamahiru palistak parte hartuko dute sariketan: zestoar batek, lau zumaiarrek eta zortzi zarauztarrek, hain zuzen. Azpeitian jokatuko da kanporaketetako bat.

Larunbatean hasiko da Euskal Pilota Egokituko XVI. Gipuzkoako Txapelketa, Donostian. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatu dute lehiaketa, eta bertan parte hartuko dute eskualdeko hainbat kirolarik. 

Bi kategoria izango ditu edizio honek ere: adimen urritasuna duten kirolariena eta urritasun fisikoa duten kirolariena. Buruz buru zein binaka ariko dira. Lehendabizikoek paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin; eta bigarrenek gomazko paletaz, gurpil aulkian.

Orotara, 33 pilotari lehiatuko dira: 27 adimen urritasuneko kategorian eta sei gurpildun aulkikoan. Eskualdeko hamahiru palistak adimen urritasuneko kategorian parte hartuko dute sariketan, zestoar batek, lau zumaiarrek eta zazpi zarauztarrek, hain zuzen: Jurdan Arakistain zestoarra, Luis Zulaika, Leire Esnal, Josu Eskisabel eta Unax Gurrutxaga zumaiarrak eta Haritz Lertxundi, Lorea Iribar, Xabier Villar, Alvaro Valor, Unax Esnaola, Alex Antomas, Joseba Altuna eta Markel Ugarte zarauztarrak.

Azpeitian, hitzordua

Nahiz eta parte hartzaileen artean azpeitiarrik ez izan, txapelketa Azpeitira ere iritsiko da. Izan ere, Izarraitz pilotalekuan jokatuko dute apirilaren 18ko jardunaldia. Orotara, sei jardunaldi izango ditu txapelketak, eta lurraldeko hainbat herrik hartuko dituzte partidak. Honako hau da txapelketaren egutegia: 

  • Otsailak 21, Donostia-Atano III
  • Martxoak 7, Lazkao
  • Martxoak 28, Irun. Buruz buruko finalak
  • Apirilak 18, Azpeitia
  • Apirilak 25, Legazpi
  • Maiatzak 16, Amasa-Villabona. Binakako finalak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide