"Pote batek beti errazten du elkarrizketa. Nork ez du solastu, eztabaidatu edo mundua konpondu nahi izan trago baten bueltan? Herritarren jakin-mina eta pentsamendua sustatzeko asmoz datoz Azpeitira Pote Filosofikoak". Horrela aurkeztu du Kulturazek azken urteetan Bilbon, Gasteizen, Tolosaldean edota Goierriko hainbat herritan gauzatu izan duten eta kultur kooperatibaren ekimenez orain Azpeitian ere tartea izango duen egitasmoa.
Hain zuzen ere, martxoaren 4rako (asteazkena) antolatu du Kulturazek, Txinparta filosofia elkartearen laguntzarekin, Azpeitiko lehen pote filosofikoa. "Filosofia akademiatik atera eta plaza publikora ekartzeko aukera paregabeak dira", egitasmoaren sustatzaileen esanetan, pote edo kafe baten bueltan gai jakin bati buruz solasteko, iritziak trukatzeko eta modu eraikitzailean eztabaidatzeko –filosofatzeko, finean– pentsatutako saio irekiok.
Egitura jakina izango dute Poteo Filosofikoak egitasmoko saioek. Pare bat ordukoak izango dira: "Gai baten bueltan aritua den norbait gonbidatu, hark oinarria jarri eta horren gainean eztabaidatuko dugu elkarrekin. Ez dago aditua izan beharrik, ez beti iritzi sendo bat edo horixe partekatzeko apeta eduki beharrik ere. Jakin-min apur bat aski da solasaldi filosofikoan ongi etorria izateko".
Kuadrilla hizketagai
Martxoaren 4ko lehen saioan, Kuadrillak, babes eta zama? izango da pote filosofikoan parte hartzera animatzen direnek jorratuko duten gai-galdera, eta Irati Zubia Landa izango da gaia kokatu eta saioa gidatuko duen aditua.
18:30ean hasiko da saioa Sanagustin kulturgunean.