Sarrigurengo (Nafarroa) hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu dute Itaiak eta Azpeitiko Feministen Sareak. Itaiak gaur egingo du kontzentrazioa plazan; 13:00etarako jarri dute hitzordua, eta Indarkeria matxistari aurre egin lelopean egingo dute protesta. Feministen Sareak, berriz, biharko egin du deialdia: 13:00etan egingo dute elkarretaratzea, plazan.
Gizon batek 28 urteko emakume bat hil zuen atzo arratsaldean Sarrigurenean. Gizonak labanaz erasotu zuen bikotea, eta larrialdi zerbitzuak erasoa gertatu zen etxebizitzara joan baziren ere, ezin izan zuten emakumea suspertu. Gainera, gizonak larri zauritu zuen hildako emakumaren ama.
Udalaren deialdia
Hilketa matxista salatu eta hildako emakumearen senideei eta lagunei elkartasuna adierazteaz gain, Azpeitiko Udalak bat egin du Sare Feministak biharko deitutako elkarretaratzearekin.
Udalak zehaztu duenez, 2003tik 133 hilketa matxista erregistratu dituzte Euskal Herrian, eta esan du ez duela onartuko inolako giza eskubideen urraketarik, ez Azpeitian, ez beste inon. Halaber, urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarren ardura ere badela gogorarazi du erakundeak.
Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazoa" dela esan du, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. "Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larrien eta tamalgarrien sortzaile".
Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa dela gogorarazi du erakundeak, eta erasoei aurre egiteko gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea ezinbestekoa dela erantsi.
Udalak adierazi du gainerako erakunde publikoekin batera lanean jarraituko duela, "erdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larriari" irtenbidea eman behar zaiolako. Era berean, esan du eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratu behar direla.
Erasoren baten aurrean, honako telefono zenbaki hauetara dei daitekeela gogorarazi du udalak:
- Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92.
- Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13.
- Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00.
- Ertzaintza: 112.