Hainbat lagun atera dira gaur eguerdian plazara, Sarrigurengo (Nafarroa) hilketa matxista salatzera. Herritar hainbat Itaiak deituta elkartu dira Indarkeria matxistari aurre egin zioen pankartaren atzean, eta ordu erdiz egin dute atzo jazotako hilketa salatzeko kontzentrazioa.
Gizon batek 28 urteko emakume bat hil zuen atzo arratsaldean Sarrigurenean. Gizonak labanaz erasotu zuen bikotea, eta larrialdi zerbitzuak erasoa gertatu zen etxebizitzara joan baziren ere, ezin izan zuten emakumea suspertu. Gainera, gizonak larri zauritu zuen hildako emakumaren ama. Euskal Herrian aurten jazo den lehen hilketa matxista izan da Sarrigurengoa, eta Itaiak babesa eta elkartasuna helarazi dizkie hildako emakumeari eta haren ingurukoei.
Halaber, indarkeria matxista aktualitatea dela gogorarazi dute Espainiako Estatuan aste honetan bertan hiru emakume hil dituztelako, eta, matxismoari lotutako albisteak eguneroko ogi: "Adibidez, aste honetan bertan jakin dugu Polizia Nazionaleko bigarren arduradunak bere emaztea jipoitzen zuela, eta ezin da ahaztu munduko herrialde aberatsenetako oligarkak sistematikoki praktika matxistak eta pedofiloak eduki dituztela, Epsteinen kasuak erakusten duen moduen". Matxismoa ez dela "salbuespenezko kontua" esan dute, kasuek erakusten dutelako, haien hitzetan, poliziaren eta instituzio oligarken barruan oso presente dagoen fenomenoa dela.
Bien bitartean, faxistak eta eskuineko alderdiak fokua "desbideratu" nahian dabiltzala esan dute: "Egun batean, indarkeria matxista ez dala existitzen esaten dute; hurrengoan, erasotzailearen jatorria aipatu egin behar dela esaten dute, etorkinak kriminalizatzeko asmo bat eta bakarrarekin". Itaiakoen ustez, "argi" dago horiei denei emakumeak bost axola zaizkiela, eta adierazi dute emakumeen zapalkuntza interes elektoraletarako soilik aprobetxatzen dutrela.
Egoera kezkagarria dela azpimarratu dute, eta egoerak eskatzen duen ardurarekin erantzutea tokatzen dela esan. "Posizionatzeko momentua da: emakume langileen zapalkuntza betikotzen segitu edo matxismoaren kontra borrokatzeko hautua egin". Itaiak eraso matxisten, erasotzaileen inpunitatearen eta egoera normalizatzen duten ideia faxisten kontra borrokan segituko duela adierazi dute, halaber.