Gau Txori argazki rallya egingo dute datorren larunbatean

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 23a

Argazkilari bat Gau Txori rallyan parte hartzen. (Nerea Uranga)

Gauez egiten den eta Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen duen egitasmoaren hamaseigarren aldia izango da datorren zapatukoa. Parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, 19:00etatik 20:00etara bitartean, elkartearen egoitzan. Igandeko 01:00etan bukatuko da rallya, eta lehiatu nahi duten partaideek martxoaren 5erako aurkeztu beharko dituzte argazkiak.

Azpeitiko Argazki Elkarteak datorren zapaturako antolatu du Gau Txori argazki rallyaren aurtengo edizioa. Egitasmo berezia da Gau Txori; izan ere, gauez egiten dute. Aurtengoa hitzordu horren hamaseigarren edizioa izango da.

Aurreko aldietan bezala, memoria txartel huts bat eta argazki kamera digital bat dituen edonork parte har dezake argazki rallyan. Izen ematea dokoa izango da, eta egunean bertan izango da horretarako aukera, 19:00etatik 20:00etara, Argazki Elkarteak Soreasu auzoko Dinamoa sormen gunean duen egoitzan.

Izena ematean jakinaraziko dituzte antolatzaileek aurtengo rallyko gaiak, eta partaideek igande goizaldeko 01:00etara arteko epea izango dute argazkiak ateratzeko. Izan ere, ordu horretan bukatuko da rallya, eta beraz, argazkilariek ordurako elkartearen egoitzako ordenagailuan utzi beharko dituzte ateratako argazki guztiak.

Argazkiak zuri-beltzekoak zein koloretakoak izan daitezke, JPG formatuan eginak, baina bada baldintza bat: denak Azpeitian ateratakoak izan beharko dute. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu txapelketara, kontrolekoa barne; eta argazkiak ezabatu ahal izango ditu, baina ez manipulatu.

Martxoaren 5erako, bidalita

Rallyan lehiatu nahi dutenek gai bakoitzari lotutako argazki bat aukeratu eta argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dute, partaidearen nahiz argazkiaren zenbakia adierazita. Martxoaren 5a izango da horretarako azken eguna.

Argazkiak puntuatzerakoan, berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko ditu kontuan Argazki Elkarteak izendatutako epaimahaiak, eta lau sari banatuko dituzte: bilduma onenarena –egileak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu–; bigarren saria –100 euro eta garaikurra jasoko ditu–, hirugarren saria –70 euro eta garaikurra jasoko ditu– eta saritu gabeko lehen azpeitiarrari egingo dioten aitortza –garaikurra eskuratuko du–. Dena den, oraingoz, ez dute jakinarazi zein egunetan egingo duten sari banaketa ekitaldia.

Saritutako argazkiak Azpeitiko Argazki Elkartearen esku geldituko dira, eta elkarteak egoki iruditzen zaion moduan erabili ahal izango ditu irudi horiek, beti ere, egilearen izena aipatuz. Halaber, elkarteak adierazi du ez duela bere gain hartuko argazki rallya egiten den bitartean pertsonengan, argazki ekipoengan edota edozein ondasunengan sor daitezkeen kalteen eratzukizuna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide