Cheruiyot eta Kipkoech keniarrak izan dira Urolako Trenaren maratoi erdiko azkarrenak

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 22a

Sei kirolari keniarrek osatu dituzte Zumarragan hasi eta Azpeitian bukatu den probako gizonen eta emakumeen podiumak. 750 lasterkarik parte hartu dute duela 100 urte inauguratu zuten trenaren ibilbidean barrena gauzatu duten proban. Sailkapen nagusiko aurre aldeko postuetan kokatuta, euskal herritarren artean bigarren izan dira Imanol Larrañaga azkoitiarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra. Proba bukatuta, festa giroa da nagusi Azpeitian.

Urolako Trena maratoi erdiaren lehen edizioa egin dute gaur, igandearekin. Zumarragan hasi eta Azpeitian bukatu dute 750 bat parte hartzailek gaurko egunez duela 100 urte inauguratu zuten trenaren ibilbidean barrena osatu duten proba. 11:00etan ekin diote lasterkariek probari, treneko langileei egindako omenaldiaren ondotik, eta Azkoititik pasatuta, Azpeitian egin dituzte azken kilometroak.

Giro ezin hobearekin egin dute lasterketa, azken asteetan ez bezala, eguzkia atera baita. Aurreikusitako moduan, ordubete azpitik iritsi dira lehen lasterkariak Zelai Luzeko helmugara. Hain zuzen ere, Victor Kipngtich Cheruiyot keniarra izan da azkarrena (0.59.04). Haren atzetik helmugaratu dira beste bi gizon keniar: Denis Kipkoech (0.59.42) eta Reuben Mosin Mosip (1.00.16). Dena den, antolatzaileek bazuten maratoi erdi azkarrenaren marka hautsiko ote zuten esperantza, baina ez da hala izan. 

Gizonetan bezalaxe, emakumeetan ere proba bukatzen lehen hiru lasterkariak keniarrak izan dira. Chepchirchir Purity Kipkoech izan da aurrena (1.08.04), bigarrena Caren Jeruto keinarra (1.09.11) eta hirugarrena Esther Chemai Sichei (01.09.26).

Helmugaratu diren lehen hiru euskal herritarrentzat ere izan dira sariak, eta aipatzekoa da gizonetan Youness Assehli igorretarrak (Bizkaia) (1.07.09) eta Imanol Larrañaga Bitturi (1.07.09) azkoitiarrak egindako balentria; izan ere, horiek sailkapen orokorrean bosgarren eta seigarren izan dira, hurrenez hurren, helmuga aldi berean pasatuta. Gainera, probaren lehen kilometroa tarteko kilometro izendatu dute antolatzaileek, eta hori egiten azkarrena Assehli izan da.

Emakumeetan, berriz, lehen euskal herritarra Altzoko (Gipuzkoa) Nerea Murua (1.17.48) izan da, bigarrena June Agirrezabalaga (1.19.32) zarauztarra, eta hirugarrena Estefania Unzu (01.20.28) atarrabiarra –Verdelis bezala ezaguna sare sozialetan–. Horrenbestez, lehen gipuzkoarren sariak gizonetan Larrañagak eta emakumeetan Muruak jaso dituzte.

Horrez gain, Urolako Trenaren maratoi erdia igaro den herri guztietako partaideei ere eman dizkiete sariak. Lehen zumarragarrak Julio Pastriain eta Ariadna Somoza izan dira; lehen urretxuarrak Arkaitz Elorza eta Eider Etxeberria; lehen azkoitiarrak Imanol Larrañaga eta Miren Murua; eta lehen azpeitiarrak Ander Garmendia eta Nagore Aramendi.

Gainera, handbikean aritzen diren bi kirolarik ere parte hartu dute Urolako Trena maratoi erdian, eta helmugara iristen lehena Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) Jon Galarraga izan da; hark 47 minutu behar izan ditu ibilbidea gauzatzeko. Bigarren, berriz, Mikel Goikoetxea amezketarra (Gipuzkoa) izan da.

Festa giroa ere bai

Goizetik suma zitekeen Azkoitian eta Azpeitian gaur hitzordu garrantzitsua zela, eta 11:30 alderako jendetza elkartu da bai bi herrien arteko bidegorrian, bai Zelai Luzeko helmugaren bueltan. Ordurako dena prest zuten antolatzaileek, eta lehen lasterkariak iristearekin egin du eztanda kirolaren bueltako festak.

Behin proba bukatuta, sari banaketa ekitaldia egin dute jendez beteta zegoen Azpeitiko plazan, eta horren ostean, bazkaria izango da Azoka Plazan. Goizetik aritu dira otordua prestatzen hainbat boluntario, eta 300 bat lagunek sabelak betetzeko parada izango dute han. Bazkalostea girotzeaz Skapaie elektrotxaranga arduratuko da, eta gero, 17:00etatik 19:00etara, Maikiño DJaren emanaldia izango da plazan.

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal, Julene Frantzesena eta Azpeitiko Udala))

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide