Sarrigurengo hilketa matxistaren salaketa plazara atera dute hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 22a

Hainbat lagun gaur eguerdian, plazan. (Kris Fernandez)

Azpeitiko Feministen Sareak egindako deialdiari erantzunez elkartu dira herritar hainbat gaur eguerdian plazan. Ostiralean 28 urteko emakume bat hil zuen gizon batek Nafarroako herri horretan, eta haren ama larri zauritu.

Gizon batek 28 urteko emaztea hil zuen joan zen ostiralean Sarrigurenen (Nafarroa), eta haren ama larri zauritu. Hilketa matxista hori salatzeko kalera atera dira hainbat lagun gaur eguerdian. Hain zuzen ere, Azpeitiko Feministen Sareak egindako deialdiari erantzunez elkartu dira herritar hainbat plazan, Aski da! Eraso sexitarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean.

Feministen Sareko kideek esan dutenez, halakorik gertatzen den aldiro aterako dira kalera. Batetik, babesa eta elkartasuna adierazteko. Bestetik, erantzun bat artikulatzeko. Izan ere, haien hitzetan, ez da nahikoa haserrea adieraztearekin: "Sareak josi behar ditugu, instituzioak interpelatu, ardurak exijitu. Errealitate honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu, hemen eta orain". Indarkeria matxista, halaber, lehen mailako arazo sozialtzat eta politikotzat hartu behar dela esan dute.

Horrez gain, sistema arrakalatu eta irauli behar dela adierazi du Feministen Sareak, eta gaineratu du herritar denek "paper erabakiorra" dutela horretan, "ezinbestekoa" dela bakoitzak ardurak hartzea. Hilketa matxistak sistemaren egituraren ondorio izugarrienak eta lazgarrienak direla esan dute, "izebergaren punta", baina indarkeriak hamaika aurpegi dituela azpimarratu dute: "Indarkeria matxista da emakume migratuak lan prekarioetara kondenatzea, jaietan gizonek leku pribilegiatua izatea, emakumeak akosatzea, erasoak salatutakoan emakumeen hitza zalantzan jartzea, sare sozialetan jazarpena pairatzea, gizonen arteko sare konplizeak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea nahiz hartu beharreko neurriei entzungor egitea".

Halaber, jarrera konplizeak alboratzeko eta jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak hartzea exijitu dute, emakumeen bizitzak daudelako jokoan. Gainera, autodefentsa feministarako deia egin dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide