Biak esku hutsik, aspaldiko partez

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 23a

Lagun Onaken emakumeen taldea, artxiboko irudian. (Lagun Onak FT)

Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiek galdu egin dute asteburuan: emakumeek 0-1 Garmendipen, Bergara sailkapeneko bigarrenaren kontra; eta gizonek 3-0, Portugalete liderraren etxean.

Beren ligetan sailkapenaren goikaldean dabiltzan aurkariak izan dituzte Lagun Onaken talde nagusiek joan den asteburuan, eta punturik batu gabe gelditu dira: Ohorezko Erregional Mailaren sailkapenean bigarrena den Bergararen kontra 0-1 galdu zuten Azpeitikoek etxean; eta Espainiako Hirugarren Mailako taldeak 3-0 Portugaleten, bere multzoko liderraren kontra.

Emakumeen talde nagusiaren emaitza bolada on luzeak etena izan zuen herenegun Garmendipen. Karnabaletako atsedenaren ondoren, Bergara hartu zuen zapatuan Iñigo Segurolaren eta Aitor Zubizarretaren taldeak, Ohorezko Erregional Mailaren sailkapenean bigarren postuan dagoen taldea. Aurkariaren maila gutxi ez, eta partida hasi eta ia berehala jaso zuen Lagun Onakek azkenean erabakiorra izan zen kolpea: 3. minutua, area barruan eskua adierazi eta Bergararen aldeko penaltia erabaki zuen epaileak. Horrela egin zuten Bergarakoek neurketako gol bakarra. Lehen zatian zein bigarrenean, berdinketaren bila gogor ahalegindu ziren etxekoak. Gol aukera garbiak izan zituzten –Elene Alonsoren jaurtiketa bat zutionera lehen zatian, Maria Sorazuk atezainarekin buruz burukoa bigarrenean...–, baina ez zuten asmatu.

Sailkapenaren bosgarren tokiari eutsi dio, hala ere, Lagun Onakek. Datorren asteburuan, sailkapen horretan atzetik eta gertu duen talde baten zelaian ariko dira Zubizarretak eta Segurolak zuzendutako emakumeak, Goierri Gorriren etxean.

Liderra nagusi

Portugaleteko (Bizkaia) La Florida futbol zelaian, Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko sailkapenaren buruak eta bigarrenak neurtu zituzten atzo indarrak, eta etxekoak aise nagusitu ziren. Koska handia ateratzen die Portugaletek gainerako guztiei sailkapenean; 23 jardunalditan bi partida galdu, beste bi berdindu, eta gainerako hemeretziak irabazi ditu.

Portugaleten ere, kontra pitatutako penalti batekin hasi zitzaizkion gauzak okertzen Lagun Onaki. Izan ere, partidari ondo ekin zioten Jose Luis Riberaren gizonek. Lehen ordu laurdenean nor baino nor aritu ziren bi taldeak, eta Lagun Onakek markagailuan aurrea hartu eta neurketaren norbaidea aldatzeko aukera on bat ere izan zuen, Jon Sorazuren oinetan. Gola, ordea, etxekoek egin zuten, 16. minutuan, aipatutako penaltia baliatuta.

Bigarren zatian, Lagun Onakek ez zuen emaitza bideratzeko aukera handirik izan. Garaipena bermatzeko asmoarekin, jokoan nagusi izan ziren etxekoak. Lehen zatian bezala, lehen ordu laurdena pasatxo zela egin zuen Portugaletek gola; Lagun Onaken aldeko korner baten alderatzetik kontraeraso azkarra antolatu, eta 2-0koa egin zuten liderrek. Hirugarrena, berriz, neurketaren azken txanpa egin zuten, 88. minutuan.

Atzoko emaitzaren ondoren, sei astez berea izan duen bigarren postutik hirugarrenera jaitsi da Lagun Onak. Ela liderraren etxean jokatu eta zazpi egunera, sailkapeneko azkena, Deusto, hartuko du Riberaren taldeak Garmendipen datorren zapatuan (17:00).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide