Irentzaileneko denda zena Super Manterola bihurtu dute ETBren telesail berrirako

Mailo Oiarzabal

Irentzailenekoa zena Super Manterola bihurtuta eta herritar bat barrura begira, gaur goizean. (Mailo Oiarzabal)

Atzo hasi ziren grabatzen Erdikaleko lokal horretan "Wazemank-en familia" berriro elkartuko duen fikzioa eta hiru astez ariko dira bertan lanean.

Azpeitiko Erdikalean hasi ziren atzo ETB1en eta Primeran plataforman emago duten telesail berria grabatzen. Jon Garate oriotarrak eta Anjel Alkainek zuzenduta, eta bi horiek, Iker Galartzarekin eta Aitziber Garmendiarekin idatzitako gidoiarekin, "hamabost urte eta gero Wazemank-en familia" berriro elkartu dute euskarazko fikzio berrirako.

Aktore eta aurpegi ezagun asko elkartu dituzte ETB1erako proiektu berrian: Alkain, Garmendia, Galartza, Zuhaitz Gurrutxaga, Iñake Irastorza oriotarra, Ainere Tolosa, Sara Cozar, Onintza Enbeita, Ekain Ibarguren azpeitiarra...

Gazteei zuzendutako telesaila izango dela ere aurreratu du Garatek. Supermerkatu txiki bat izango da akzioaren ildoa eta kokapena. Hain zuzen ere, Irentzaileneko denda zena Super Manterola bihurtu dute filmaketarako. Atzo hasi ziren han grabatzen eta hiru astez ariko dira bertan.

Erdikaleko trafikoan eragingo dute tarteka herritarren artean ikusmina piztu duten grabazio lanek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide