'Aitatxo', 'Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga' eta 'Evolution', igandetik aurrera ikusgai Soreasun

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 25a

'Aitatxo' dokumentala igandean emango dute Soreasun.

Animaziozko haurrentzako filma eta seme-alabaren bat galdu duten aitekin osatutako dokumentala igande arratsaldean emango dituzte; eta astelehenean, Ondarroako talde feministari eskainitako dokumentala. Azken hori ikusteko sarrera doan da; beste emanaldietarako sarrerak, berriz, Kulturazen webgunean eros daitezke.

Hiru film emango dituzte datozen egunetan Soreasu antzokian, bi igandean eta bat astelehenean.

Igande arratsaldean, ohi bezala, haurrei zuzendutako filma izango da lehendabizikoa. 16:30ean hasita, Evolution ikusteko aukera izango da Soreasun, Euskal Herrian ekoitzitako animaziozko filma. Zoe neskatoaren eta bere maskotaren ibilerak kontatzen ditu Julio Soto Gurpidek eta Zayra Muñoz Dominguezek zuzendutako lan estreinatu berriak: substantzia estralurtar batek Zoeren DNA eta bere maskotena nahasten dituenean, animalia adimendun talde sinestezin bat sortuko du, neska basati bat buru duena.

Helduei zuzendutako emanaldietan, berriz, Euskal Herrian egindako beste bi film emango dituzte, biak dokumentalak. Igandean, 19:30ean, Anakotz Lasarteren Aitatxo izango da ikusgai antzokian. Seme edo alabaren bat galdu duten lau aiten testigantzak jaso ditu Lasartek bere lanean. "Bakoitzak egoera honi nola aurre egin dion azalduko da dokumentalean. Gizarteak duen genero begirada apurtuz. Ama gutxietsi gabe aitei hitza emanez horrelako egoeren aurrean, esperantza mezu bat zabalduz", irakur daiteke dokumentalaren sinopsian.

Bi film horiek ikustera joan nahi dutenek Kulturaz.eus-en eros ditzakete sarrerak.

Emakumeen Txokoarekin elkarlanean

Beste dokumental bat emango dute Soreasun astelehenean, martxoaren 2an, baina ez astelehenetako ohiko emanaldien ordutegiarekin.

Emakumeen Txokoarekin elkarlanean antolatu du Kulturazek, Martxoaren 8arekin bukatuko den astearen hasierarako, Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga dokumentalaren emanaldia. Ondarroako (Bizkaia) Boga-Boga emakume taldearen 30 urteko ibilbidea jaso dute Udane Barinagarrementeriak eta Mijo Lizarzaburuk iazko Feministaldian estreinatu zuten dokumentalean. Astelehenean, 19:00etan emango dute filma eta sarrera doan izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide