Lanetik etxera bidean zihoan Ekain Arrizabalaga (Azpeitia, 1997) 2024ko ekainaren 25ean. Egun hark, baina, ohikotik gutxi izan zuen Arrizabalagarentzat. Bidean ezusteko une bat bizitzea egokitu zitzaion: errepideko istripu larri baten lekuko izan zen, eta han inplikatuta zeudenei laguntzen geratu zen anbulantziak iritsi ziren arte. Egun hartan egindakoagatik aitortza jaso berri du azpeitiarrak, Eusko Jaurlaritzak merezimendu domina eman baitio. Ia bi urte pasatuta, istripu hartan gertatuak berriro gogoratu ditu eta Gukari azaldu dizkio.
Ekainaren 25 hartan ezohiko egoera bat bizitzea egokitu zitzaizun lanetik etxera bidean. Zer gertatu zen?
Egun normal bat zen, eguraldi ona zegoen eta lanetik etxera bidean nindoan, Azpeitira, 16:45 inguruan edo. Arroako tunela pasatu nuenean arreta eman zidan kontrako aldetik zetorren auto batek, errepidea gurutzatzen eta gure erreira sartzen ari zela iruditu baitzitzaidan. Halaxe izan zen, nire aurretik beste auto bat zihoan, eta haren aurretik autokarabana bat. Autokarabana bete-betean jo zuen. Nire aurretik zihoan autoak kolpera frenatu zuen, eta nik ere bai.
Nire aurreko kotxekoak berehala autoa martxan jarri, aurrean zuen istripua saihestu, eta bere bidean jarraitu zuen. Nik ez nuen halakorik egin. Autoa bide bazterrean utzi eta kanpora atera nintzen. Barrutik atera zitzaidan istripukoei laguntzea.
Zer aurkitu zenuen han?
Gertuen autokarabana nuenez, han zeudenengana joan nintzen aurrena. Bi turista herbeheretar aurkitu nituen han, kolpe banarekin, baina euren kabuz atera ziren autokarabanatik. Hori ikusita, haiek utzi eta istripua izan zuen autora gerturatu nintzen. Berehala konturatu nintzen egoera larria zela; kotxeak izugarrizko kolpea hartu zuen.
Larrialdietara deitu nuen, eta haiekin hizketan ari nintzen bitartean autoko ateak ireki nituen barrukoak nola zeuden ikusteko. Zauri larriak zituztela ikusi nuen. Istripua izan zuen autoko gidaria oso asaldatuta zegoen, bere onetik aterata; kopilotua shock egoeran geratu zen eta geldirik zegoen; gidariaren atzean zihoana konorterik gabe aurkitu nuen, eta laugarrena, aieneka, burua hanketan zuela zegoen, tolestuta.
Larrialdietakoei egoera azaldu nienean, telefonoa eskegi eta hantxe gelditu nintzen laguntzen, bakarrik. Auto pilo bat pasatu ziren bidean, baina inor ez zen geratu ere egin laguntzeko.
Denbora asko pasatu al zen laguntza iritsi bitartean?
Bost bat minutu igaroko ziren ertzainak iritsi ziren arte, gehiago ez. Suhiltzaileak geroago azaldu ziren, eta anbulantziak izan ziren iristen azkenak. Luze egin zitzaidan.
Nola lagundu zenuen denbora hartan?
Autoko gidaria bere onetik irtenda zegoen, eta hura lasaitzen saiatu nintzen. Bularrean kolpe handia hartu zuela ikusi nuen, eta geldirik egon zedin nahi nuen, mugitzea beretzat kalterako izango zelako. Larrialdietara deitzeaz, lasaitasuna mantentzeaz eta istripuan inplikatutakoak geldirik edukitzeaz arduratu nintzen gehienbat.
Ondoren, ertzainak iritsi zirenean, atzean konorterik gabe zegoen emakumea autotik atera genuen. Hamar edo hamabost bat minutu zeramatzan egoera horretan, eta bihotz-biriketako bizkortzea egin zioten. Nik, bitartean, gidaria lasaitu nahian jarraitu nuen, baina gero eta asaldatuago zegoen, konturatu egin baitzen suspertzen saiatzen ari ziren emakumea hilda zegoela. Bera kontziente zen autoa gurutzatu zuela, eta bere buruari botatzen zion erru guztia. Bitarte horretan, kopilotua geldirik egon zen, blokeatuta-edo zegoen, eta atzean zihoan besteak bizkarrezurra hautsita zuen; gaixoa ezin izan genuen ukitu ere egin. Anbulantzia iritsi eta istripukoak artatu zituztenean, orduantxe amaitu zen nire egitekoa.
Batzuk blokeatuta geratzen dira halako egoeretan. Zuri barrutik atera zitzaizun laguntzera joatea.
Zortez, une hartan barrutik atera zitzaidan. Ni bezalaxe, geroago, ertzainak han zirela, Zestoako gizon batek ere gauza bera egin zuen, laguntzen geratu zen. Autoan bere semearekin zihoan, eta hari ere hogei bat aldiz esan zion autotik atera eta laguntzera joateko. Ez zen atera. Orduan konturatu nintzen batzuk benetan blokeatzen direla, hura bezala. Sen kontua-edo izango da.
Harritu egin al zintuen jendea laguntzeko geratu ere egin ez izanak?
Bai, asko. Kontrako erreian autoak pasatu eta pasatu ikusten nituen, eta ez zen inortxo ere geratu. Nire aurretik zihoan autoarena are okerragoa iruditu zitzaidan, hark istripua bere begien aurrean ikusiko zuelako, eta hala ere hanka egin zuelako. Hogei minutuko kontua izan zen, estutasunean ahal genuen guztia egiten genbiltzan, eta munduak istripurik gertatu izan ez balitz bezala jarraitu zuen aurrera. Neure artean esaten nuen: "Baina zergatik ez da inor gelditzen?". Ezin nuen ulertu.
Inoiz pentsatu al duzu zer gerta zitekeen laguntzera gerturatu izan ez bazina?
Ez dakit zer gerta zitekeen nik ere bidean aurrera jarraitu izan banu, baina tristura handia eragiten dit gertatu zenak. Ahal nuen guztia egin nuen baina ez genuen zorte handiegirik izan, eta tragedia bat izan zen gertatu zena. Artatu nuen emakumea, gidaria, denbora batera ospitalean hil zela jakin nuen. Atzean zihoan beste emakumea ere istripuaren unean hil zen, eta atzean tolestuta zegoen besteak, berriz, bizkarrezurra hautsi zuen. Atzeko bien okerra segurtasun uhala gaizki jartzea izan zela uste dut. Izan ere, bizkarra eta sorbalda eusten dituen uhalaren zatia besoaren atzeko aldera pasatuta zeramaten biek, bero egiten zuelako edo.
Autoan zihoazenen familiartekoak-edo jarri al dira zurekin harremanetan?
Ez. Kalean edota hedabideetan entzundakoagatik jakin nuen autoan zihoazenak hiru ahizpa zirela, adinekoak, eta atzeko eserlekuan bizkarrezurra hautsi zuena haietako baten biloba zela.
Denbora batez buruan bueltaka ere ibiliko zenuen gertaturikoa.
Lagun batekin kafe bat hartzeko geratu nintzen istripuaren lekutik Azpeitira iritsi nintzenean, gertaturikoa hari azaldu eta barrena husteko. Asko lagundu zidan elkarrizketa hark, tentsioa askatzen lagundu zidan.
Egin zenuenagatik babes zibileko merezimendu domina eman berri dizu Eusko Jaurlaritzak. Nolakoa izan zen ekitaldia?
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian izan zen ekitaldia. 41 pertsona aintzatetsi zituzten han, ertzainak, udaltzainak eta suhiltzaileak gehienak, baina hamar pertsona zibil ere bai. Istripua eta gero deklaratzera joan nintzenean esan zidaten posible zela egin nuenagatik merezimendu domina jasotzea, eta halaxe izan da. Pozik nago.
Domina jasotzearekin batera gertatu zena berriro bizitzea egokitu zaizu. Barrua mugitu al dizu?
Istripua gertatu eta aurreneko bizpahiru egunak izan ziren niretzat txarrenak, baina gero buelta ematea lortu nuen. Oroitzen dudanean, barrua mugitzen dit, eta pentsamendu txarrak izaten ditut, baina oso barneratuta daukat, eta orain ja ez dit gehiegi eragiten. Gaindituta daukadan kontua dela esango nuke.