Musika eskolen elkartearen III. Piano Jaialdia hartuko du Soreasuk larunbatean

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 25a

June Ezeiza Juan Antxieta musika eskolako piano ikaslea. (Nerea Uranga)

Azpeitiko, Zumarragako eta Zegamako musika eskoletako pianoko 39 ikaslek parte hartuko dute larunbatean, otsailaren 28an, 10:30ean, Soreasu antzokian egingo den jaialdian. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen III. Piano Jaialdiaren zazpi egoitzetako bat izango da Azpeitia. Guztira, 500 piano ikaslek parte hartuko dute jardunaldi horretan.

Asteburuan, Gipuzkoako eta Bizkaiko zazpi udalerritan Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen III. Piano Jaialdia egingo da; denera, 500 piano ikaslek parte hartuko dute. Pianoa protagonista izango den jaialdiaren egoitzetako bat Azpeitia izango da. Horrenbestez, larunbatean, otsailaren 28an, Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako nahiz Zumarragako eta Zegamako musika eskoletako 39 ikaslek piano emanaldiak eskainiko dituzte, Soreasu antzokian. Azpeitiko piano jaialdia bi emanalditan banatuta egingo dute, 10:30ean eta 11:30ean, hain zuzen ere. Emanaldietarako sarrera doan izango da.

III. Piano Jaialdian parte hartuko duten ikasleak adin eta maila guztietakoak izango dira. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak adierazi du topaketa pedagogikoa eta artistikoa dela: "Gazteen eta helduen artean kultura eta musika-trukea sustatzeko ezinbesteko hitzordu gisa sendotzen ari den ekitaldia da piano jaialdia". 

Azpeitiaz gainera honako udalerrietan egingo dira III. Piano Jaialdiaren emanaldiak: Bizkaian Bilbon eta Durangon, eta Gipuzkoan Arrasaten, Soraluzen, Lezon, Zarautzen eta Zestoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide