Portobellok Elmubas enpresa salgai jarri du

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 26a

Elmubas enpresa iazko azaroan. (Mailo Oiarzabal)

2019an erosi zuen Portobello inbertsio funtsak Elmubas Petfood Group enpresa, 200 miloi inguru ordainduta. Maskotentzako janaria ekoizten duen enpresaren salmenta euskal inbertsore talde batekin negoziatzen ari dira, hainbat hedabideren arabera.

Elmubas Petfood Group enpresa salgai jarri du Portobello Capital arrisku kapitalen kudeaketa enpresak. 2019an erosi zuen inbertsio funts horrek maskotentzako janaria ekoizten duen Azpeitiko enpresa, 200 milioi euro inguru ordainduta. 2020an Orendaundi industrialdeko lantegia handitu egin zuten, eta gaur egun 220 langile ditu.

Hainbat hedabideren informazioaren arabera, Elmubas erosteko interesa agertu du euskal inbertsore talde batek, negoziazioak aurreratuta daude eta salerosketa 300-400 milioi euro artekoa izan daiteke. Erosteko interesa agertu dutenek Eusko Jaurlaritzaren babesa nahi lukete aurrera egiteko hedabide horien arabera.

Urola Kosta eskualdeko lantegi handienetako bat da Elmubas, eta maskotentzako janarian Europan erreferente nagusienetakoa da. 100.000 tona ekoizten ditu urtero, eta gehiena esportaziorako da. Denera, bostehun bezero baino gehiago ditu eta hainbat banaketa kate handirentzat marka zuria ekoizten du.

Langileak kezkatuta

Iazko urtearen bukaeratik aurtengoaren hasiera bitartean, Elmubaseko langileak gatazkan ibili dira zuzendaritza batzordearekin, enpresan hauteskunde sindikalak deitzeagatik bost behargin kaleratu zituztelako. Hainbat mobilizazio egin ostean, joan den urtarrilean langileen batzordea izatea lortu zuten, eta ordutik enpresarekin negoziazioetan ari dira.

Orain bi egun elkartu zen azkena Elmubaseko negoziazio mahaia, eta langileen ordezkariei ez zieten enpresa salgai dagoenaren inguruan inolako informaziorik eman. Lantegia saltzekoak direla hedabideetatik jakin dute eta kezkatuta eta urduri daude. "Enpresa zeinek erosiko duen, zer baldintzatan salduko duten edota salmenta gauzatuko den jakin gabe egotea egoera zaila da langileentzat", esan du ELA sindikatuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide