Naziogintza taldeak antolatuta, Euskara bidegurutzean zikloko bigarren solasaldia eskaini zuten atzo, asteazkenez, Basazabal jauregian. Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoa izan zuen hizketagai Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko ebaluazio misioko arduradunak.
Aninek adierazi zuenez, gutxi gorabehera 51.000 hiztun dira euskaraz egiten dutenak Ipar Euskal Herrian, biztanleriaren %20,1a. Azken hiru hamarkadetan euskal hiztunen kopurua apaltzen joan dela, baina azken hamar urteetan apaltze horren abiadura moteldu egin dela ere esan zuen hark. Hala, Euskal hiztunen kopuruaren jaitsiera moteltzearen arrazoiak eta Euskararen erabilera sustatzeko Ipar Euskal Herrian dituzten erronken gainean ere hitz egin zuen Aninek. Dozenaka herritar bertaratu ziren Basazabalera saioaren nondik norakoak entzutera.
Urtarrilean hasi zuen solasaldi zikloa Naziogintza taldeak, eta Aninek eskainitakoa izan da bigarren saioa. Martxoaren 18an izango da hurrengoa, UEMA, euskararen lurgunea josten izenekoa, Miren Segurola UEMAko koordinatzailearen eskutik. Apirilaren 16rako, berriz, immigrazioak euskararengan duen eraginari buruzko mahai ingurua antolatu dute Iñaki Iurrebaso, Jon Sarasua eta Xabier Aierdirekin. Zikloko azken solasaldia maiatzaren 12an izango da, Kike Amonarrizek euskarak Tolosan (Gipuzkoa) izan duen bilakaera arrakastatsuari buruz hitz egingo du Basazabalen.