Piano ikasleen doinuek alaitu dute Soreasu antzokia

Ihintza Elustondo 2026ko otsailaren 28a

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen III. Piano Jaialdia egin dute asteburuan, eta hitzorduetako bat Azpeitian izan da. Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako nahiz Zumarragako eta Zegamako musika eskoletako 39 ikaslek eskaini dituzte piano emanaldiak Soreasun. 

Gipuzkoako eta Bizkaiko zazpi udalerritan Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen III. Piano Jaialdia egin dute asteburuan; tartean, baita Azpeitian ere. Guztira, 500 piano ikaslek parte hartu dute jaialdian, eta horietako batzuk Soreasun aritu dira pianoa jotzen gaur goizean. Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako nahiz Zumarragako eta Zegamako musika eskoletako 39 ikaslek eskaini dituzte piano emanaldiak Soreasun.

Azpeitiko piano jaialdia bi emanalditan banatuta egin dute: 10:30ean izan da saio bat, eta 11:30ean bestea. Piano ikasleek beren abileziak erakutsi dituzte antzokian bilduta ikus-entzuleen aurrean; izan ere, hainbat herritar bertaratu dira haiek ikustera. Saio bakoitzaren ostean, oroigarri bana banatu diete parte hartzaile guztiei. 

III. Piano Jaialdian parte hartu duten ikasleak adin eta maila guztietakoak izan dira. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak adierazi du topaketa pedagogikoa eta artistikoa dela: "Gazteen eta helduen artean kultura eta musika trukea sustatzeko ezinbesteko hitzordu gisa sendotzen ari den ekitaldia da piano jaialdia". 

Azpeitiaz gainera, honako udalerrietan egin dituzte III. Piano Jaialdiaren emanaldiak: Bizkaian, Bilbon eta Durangon, eta Gipuzkoan, Arrasaten, Soraluzen, Lezon, Zarautzen eta Zestoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide