Erdipurdiko asteburua izan da Lagun Onaken talde nagusientzat. Gizonek larunbat arratsaldean jokatu zuten Espainiako Hirugarren Mailari zegokion jardunaldiko partida etxean, Deusturen kontra, eta markagailuan 0 eta 0ekoarekin bukatu zuten; puntu banarekin, beraz. Lehen zatian gehiago izan ziren Jose Luis Riberaren mutilak, baina ez bigarrenean. Bizkaiko taldea behin baino gehiagotan iritsi zen Azpeitikoen atera, arriskua sortuz. Hala ere, golik ez zuten sartu, ez batzuek eta ez besteek.
Emakumeek, berriz, Beasainen jokatu zuten atzo, igandea, Goierri Gorri taldearen kontra, Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako partida. Lehen zatian inork ez zuen nagusitasun garbirik erakutsi eta golik gabe iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, aldiz, bi aukera on sortu dituzte Azpeitikoek, bata Joane Kortak eta bestea June Casinak, baina aurkarien atezainak ezeztatu zituen biak. Goierri Gorrikoek, ostera, sortutako aukerak baliatu egin zituzten eta bi gol sartu. Horrenbestez, hiru puntuak Goierrin gelditu ziren.