Kafe kapsulentzako edukiontziak jarri dituzte herriko bi lekutan

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 3a

Kapsulentzako edukiontzi bat. (Urola Erdiko Mankomunitatea)

Loiolako Inazio Hiribidean eta Barrenetxe auzoan jarri dituzte horiek, olioa biltzeko edukiontzien ondoan. Kapsulentzako soilik dira edukiontziak, eta aparte biltzeak ahalbidetuko du materialak behar bezala birziklatzea.

Kafe kapsulak bereizita biltzeko edukiontziak jarri ditu Urola Erdiko Mankomunitateak eskualdeko zenbait herritan; tartean, Azpeitian. Hain zuzen ere, Loiolako Inazio Hiribidean eta Barrenetxe auzoan jarri dituzte horiek, olioa biltzeko edukiontzien ondoan.

Kafe kapsulak soilik bota ahal izango dira edukiontzi horietara, eta horrek ahalbidetuko du kapsulak eta kafe hondarrak bereiztea eta behar bezala birziklatzea. Izan ere, kapsulak birziklatuta plastikoz eta aluminioz osatutako materiala ateratzen dute, eta kafe hondarretatik substraktua.

Mankomunitateak ohartarazi duenez, kapsulen erabilera "oso ohikoa" da egunerokoan, baina "oso zaila" da horiek sortzen dituzten hondakinak modu egokian kudeatzea. "Kapsulak plastikozkoak eta aluminiozkoak izaten dira, eta kafe hondarrak izaten dituztenez, ezin izaten dira birziklatu. Gainera, beste ontzien birziklatze prozesua eragozten dute", adierazi du erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide