Azpeitiko Udalak erakundeko informatika arduraduna kontratatzeko deialdia jarri du martxan. Besteak beste, udaleko komunikazio sareaz nahiz azpiegitura informatikoaz arduratzeko eta teknologia berrien erabilera sustatzeko gauzatuko du kontratazioa erakundeak. Lanpostuarekiko interesa duten herritarrek Lanbideren bidez honako lotura honetan eman beharko dute izena, eta dagoeneko irekita dago horretarako epea.
Dena den, informatika arduradunak hainbat baldintza bete beharko ditu ezinbestean, eta horiek egiaztatu egin beharko dituzte hautagaiek. Honako baldintza hauek eskatu ditu udalak: Informatika gradua izatea eta euskararen laugarren hizkuntz eskakizuna izatea –maila hori duen hautagai egokirik ez bada, hirugarren eskakizuna eskatuko dute–. Halaber, kontuan hartuko dute IZFEren aplikazioen kudeaketan nahiz bestelako informatika lanetan esperientzia izatea.