Potea, hausnarketa sustatzeko

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 4a

Irati Zubia, Azpeitiko pote filosofikoa gidatuko duen aditua. (Iraia Oteiza)

Pote filosofikoa egingo dute gaur Sanagustinen, 18:30ean. Trago baten bueltan, kuadrillen inguruan hausnartzeko aukera izango da han. 

Bilbon, Gasteizen, Tolosaldean edota Goierriko hainbat herritan jendea elkartu, eta pentsatzen jartzen da, presarik gabe, trago baten bueltan. Izan ere, trago batek beti errazten du elkarrizketa. Nork ez du solastu, eztabaidatu edo mundua konpondu nahi izan pote baten bueltan? Pote Filosofikoak egitasmoaren barruan egiten dituzte bilkura horiek, eta entzuteko, zenbait kontu zalantzan jartzeko eta normaltasuna astintzeko aukera izaten dute saiora bertaratzen direnek. 

Hain zuzen, herritarren jakin-mina eta pentsamendua sustatzeko asmoz, Pote Filosofikoak egitasmoa jarriko dute martxan aurrenekoz Azpeitian ere. Kulturazek ekarri du egitasmoa herrira, Txinparta filosofia elkartearen eta gaian interesa duten zenbait herritarren laguntzarekin. Irati Zubia (Donostia, 1997) filosofoa izango da Azpeitiko saioa gidatuko duen aditua. 

"Pote filosofikoek filosofia akademiatik ateratzen eta plaza publikora ekartzen laguntzen dute", adierazi du Zubiak. "Horien formatua beti da berbera: espazio publiko batean egiten da saioa –izan taberna edo plaza bat–, gai batean aditua den norbaitek sarrera bat egiten du, eta, ondoren, eztabaidarako tartea izaten du bertaratzen den orok". Sarreraren ostean, dinamizatzaileak galdera batzuk egiten ditu batzuetan, eta talde txikietan banatuta galdera horien inguruan hausnartzera bultzatzen du hark; beste batzuetan, aldiz, besterik gabe, jendeak nahi eta sentitzen duenaren arabera egiten ditu ekarpenak. Pare bat orduko saioak izan ohi dira.

Azpeitiko saioa gaur, asteazkenez, egingo dute, 18:30ean, Sanagustin kulturgunean. Euskarazko saioa izango da, eta sarrera doakoa eta irekia izango da, gainerako pote filosofikoen egitura jarraituz. 30-40 minutuko sarrera bat egiteko asmoa du Zubiak, eta galderarik ez du egingo ondoren. "Hitz egiteko aukera egongo da, baina isilik hausnartzea ere egokia da, entzutea ere parte hartze aktiboa delako". 

Halaber, Azpeitikoa "esperimentu saioa" ere izango da, halako zerbait egiten den aurreneko aldia izango delako. "Ikusiko dugu jendeak zenbaterainoko interesa duen pote filosofikoekiko, eta aurrerago saio gehiago egin behar baditugu, pentsatuko genuke nola egin eta nola antolatu". 

Filosofia, ulertzeko zaila?

Duela urte batzuk sortu ziren pote filosofikoak Euskal Herrian, Agora filosofia elkartearen eskutik. Agora Bigarren Hezkuntzako filosofia irakasleen artean sortutako elkartea da, eta bere egitekoen artean dago filosofia plazaratzea eta eskuragarriago egitea. Izan ere, filosofiari ulertzeko zaila izatea leporatu izan zaio, "baina neurri batean baino ez da hala, diziplina guztiak bezala", dio Zubiak. 

"Behin fisikari batek gidatu zuen pote filosofiko batean izan nintzen, adimen artifizialaren inguruko saioa izan zen, eta han ikusi nuen berez gai zaila izanda ere guztiontzat ulerterraza izan daitekeela modu egoki batean aurkezten bada". Zubiaren arabera, "herritar orok ditu kezka filosofikoak, eta pote filosofikoen helburua ez da tesi filosofiko bat egitea, hausnarketarako plaza bat izatea baizik". Gaineratu duenez, "filosofoa beti ideien munduan edo akademian dagoen harekin lotzen da, baina iruditeria horrekin haustea komeni da, filosofia ez delako hori bakarrik". Adibide bat ere jarri du: "Ni ere filosofoa naiz, baina nire profilak ez du zerikusirik normalean filosofo baten inguruan dugun irudiarekin". 

Kuadrilla hizketagai

Azpeitiko gaurko saioan, Kuadrillak, babes eta zama? izango da pote filosofikoan parte hartzera animatzen direnek jorratuko duten gai-galdera. Zubia Agora elkartekoekin harremanetan jarri zen saioa herrian aurrera eramateko, eta haien bidez Azpeitian zein Azkoitian proiektuarekiko interesa zuten pertsonak aurkitu zituen. Saioan lantzeko gai ezberdinak proposatu zizkien Zubiak haiei, eta kuadrillena izan zen aukeratua. "Clikbait izenburua ere bada, denok hitz egin dugulako inoiz kuadrillen inguruan". 

Zubiak behin baino gehiagotan parte hartu du pote filosofikoetan; batzuetan saioa gidatzeaz arduratu da, eta beste batzuetan entzule moduan bertaratu da hainbat saiotara. Kuadrillen inguruko saio bat ere gidatu zuen behin Getarian, izenburu bera zuena: "Orduko hartan saioa Kuadrillak, babes ala zama? izenburupean egitea proposatu zidaten, baina ni asko estutu nintzen, ala horrek dikotomia bat ekartzen zuelako, hau da, babes eta zama bereizi beharreko derrigortasun bat. Beraz, eta jartzea egokiagoa iruditu zitzaidan, babesa eta zama kontrajarri beharrik ez dagoela iruditzen zaidalako. Getariako saioa hala egin genuen, eta Azpeitikoak ere planteamendu bera izango du. Kuadrillen argi-ilunak esploratuko ditugu, baina babesa eta zama kontrajarri gabe". 

Ondorioz, kuadrillen gaiarekiko interesa duen orori zuzendutako saioa izango da. Zubiak herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu, azken finean, "pote filosofikoek hasiera batean sinplea dirudien galdera batean sakontzeko eskubidea eskaintzen dutelako". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide