Kale garbiketarako baliabide gehiago eskatu ditu EAJk, "batez ere asteburuetan"

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 4a

Zabor poltsak kalean utzita. (Azpeitiko EAJ)

"Kezkatuta" agertu dira jeltzaleak "hainbat zonaldetan zikinkeria pilatzen ari delako", eta "neurri eraginkorrak martxan jartzea" galdegin diote udal gobernuari.

Kale garbiketari baliabide gehiago eskaintzea eskatu dio Azpeitiko EAJk udal gobernuari. "Kezkatuta" agertu dira jeltzaleak "hainbat zonaldetan zikinkeria pilatzen ari delako", eta "neurri eraginkorrak martxan jartzea" galdegin diete arlo horretan ardura dutenei, "Azpeitiko herritar guztiek udalerri garbiago batez gozatu ahal izan dezaten".

Jeltzaleen arabera, herriko "parke eta txoko ugariren egoera onartezina" da. "Ardura nagusia zikintzen dutenena" dela onartuta, udalak "garbiketa hobetzeko ahalegin gehiago" egin behar dituela deritzo EAJk, "batez ere asteburuetan". Horrela adierazi du Jabier Altunak, EAJren udal taldearen bozeramaileak: "Hainbat aldiz kexatu gara toki askotan pilatzen den zikinkeriaz, batez ere asteburuetan, baliabide falta nabariagoa denean. Herritarrek ingurune garbiaz gozatzeko eskubidea dute, eta beharrezko neurriak hartzen direla ziurtatzea udalaren betebeharra da".

2023ko udal aurrekontuetan, kaleak presiopeko urarekin garbitzea proposatu zutela azaldu du EAJk, baina udalak proposamen hori "parzialki" besterik ez zuela gauzatu, eta hori "ez da nahikoa", jeltzaleen aburuz. "Hobekuntza batzuk lortu genituen arren, errealitatea da herri osoan garbiketa egokia bermatzeko oraindik asko dagoela egiteko", gaineratu du Altunak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide