Gerolan programa tarteko, UKTren eta Kulturazen jarduna bertatik bertara ezagutu dute ikasleek

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 4a

Hainbat lagun gaurko Gerolanen saioan. (Nerea Uranga)

Gerolan programaren helburua da ikasleen orientazio akademikoa indartzea, eta ikasleek eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri izateko bisitak antolatzen dituzte. Gaur hamahiru ikasle izan dira Dinamoa sormen gunean, eta horiek Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) nahiz Kulturaz kooperatibako langileekin aritu dira solasean.

Iraurgi Berritzenen Gerolan programaren barruan, Azkoitia BHIko, Izarraizpe ikastolako, Ikasberri ikastolako nahiz Iraurgi ikastetxeko ikasle hainbat izan dira gaur goizean Dinamoa sormen gunean. Kulturaz kooperatibaren eta Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) jarduna bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ikasle hainbatek; izan ere, bi kooperatiba horietako langileek hainbat azalpen eman dizkiete Batxilergoko bigarren mailako ikasleei.

Gerolan programaren helburua da ikasleen orientazio akademikoa indartzea, eta hain zuzen ere, ikasleek eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri izateko bisitak antolatzen dituzte. Gaurkoan hamahiru ikasle izan dira Dinamoan, eta UKTren nahiz Kulturazen jardunari lotutako azalpenak jasotzeko nahiz zalantzak argitzeko parada izan dute.

Ikasle horiek komunikazioari nahiz kultur kudeaketari lotutako ikasketekiko interesa agertu dute, eta besteren artean, lan esperientziaz, gaitasunez, balioez, unibertsitate ikasketez, aukerez eta ofizioek dituzten askotariko ertzez jardun dute solasean. Gainera, solasaldiak bukatzean Azpeitia Gukaren erredakzioa eta Dinamoa sormen gunea ezagutzeko aukera izan dute ikasleek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide